Arte[faktua]
Literatura
Karlos Linazasoro elkarrizketatuz abiatuko dute 'Artefaktua' saioko denboraldi berria
EiTB
Yolanda Mendiolak gidatutako literatur saioa larunbatero izango dugu ikusgai, 15:00etan, ETB1en.
Udako etenaldiaren ostean, gaur itzuliko da ETB1eko programaziora 'Arte[faktua]' literatura saioa. Karlos Linazasoro idazle tolosarra izango da Yolanda Mendiolaren lehen gonbidatua, aurten plazaratu duen 6012 eleberri laburraren karietara.
1978ko udaberrian, merkantzia tren batek istripua izan zuen Tolosan. 55 tona azido zianhidriko zeramatzan trenak, "ia probintzia osoa desagerrarazteko indarra zuen bonba bat zen". Istripuak erabat aztoratu zituen Tolosa eta inguruko herriak. Karlos Linazasoro 15 urteko nerabea zen orduan, eta bere aita, Iñaki, Udal Gestora eratu berriaren presidentea. Hurrengo egunetan etxean bizi izan zuten giroa dramatikoa izan zela kontatu digu Linazasorok. Benetako gertakari hartan oinarrituta, suspentse handiko istorio zinematografikoa borobildu du idazle tolosarrak, laburra eta irakurtzen erraza.
Karlos Linazasorok gonbidatuta Juan Kruz Igerabide idazlea ere ekarriko digu 'Arte [faktua]'k. Luzea eta oparoa da Igerabidek idatzitako liburuen zerrenda. Narrazioa, nobela, saiakera, poesia, haur eta gazte literatura… ia denetarik idatzi baitu.
Irakurlearen txokoan, Ekaitz Goienetxeak idatzitako Zaldi mamarroa liburuaz mintzatuko zaigu Eider Olazar Elduaien, Info 7 irratiko kazetaria. Eta literatura kontu gehiago ekarriko digute Yurre Ugarte, Harkaitz Cano eta Xabier Mendiguren idazleek.
'Arte[faktua]'rekin 15:00etan dugu hitzordua, eitb.eus-en eta ETB1en.