Arte[faktua]
Literatura
Iñaki Martiarena ilustratzailea, 15:00etatik aurrera, 'Arte[faktua]' saioan
EiTB
Egungo proiektuez eta aurretik burututako lanez hitz egingo digu Mattinek larunbatean. Bere gonbidatua Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria izango da.
'Arte[faktua]' saioak Iñaki Martiarena Mattin marrazkilari, ilustratzaile eta komikigilea izango du gonbidatu nagusia gaur. Artista donostiarrarekin Hendaiako Nekatoenea sorkuntza gunean elkartuko dira, Abbadiako eremuan. Bertan, hilabeteko idazle egonaldia egiten ari da artista, sorkuntza lan berri bat burutzeko hautatua izan ondoren. Asmoa, Kamishibaia bat egitea du, japoniarrek ipuinak kontatzeko erabiltzen duten modu berezi bat. Horretarako, ipuin bat idazten eta marrazten ari da Mattin.
Martiarena kazetaritzan lizentziaduna da, baina ilustrazioko arlo ugaritan ibili da: umore grafikoa, diseinua, komikia, karikatura, nobela grafikoa... Bere lanak hainbat egunkari eta aldizkaritan agertu ditu: Euskaldunon Egunkaria-n, Argia-n, Napartheide-n eta Ipurbeltze-n, besteak beste, eta 40 bat idazleren liburuak ilustratu ditu. Bere lanik pertsonalena eta landuena, 2016an argitaratu zuen Zarrakamalda izeneko nobela grafikoa da.
Bere gonbidatua Ixabel Agirresarobe Usurbilgo ipuin kontalaria da. ETBko 'Ipupomamua' saioko eta Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlaneko pertsonaietako bat da Agirresarobe, besteak beste. Mattinekin elkarlanean hainbat lan egin ditu 'irudipuinak' egiten.
Literaturarekin lotura duten beste hainbat lagun ere hartuko ditu bere baitan 'Arte[faktua]'k. Hala nola, Jon Garmendia Txuriyak bere liburu maitatuenen berri emango du Apalategiaren atalean. Eukene Azpitarte booktuberrak, Toti Martinez de Lezearen Isilpean gordeaz hitz egingo du.
Galdetegian, Joxean Agirre, Sonia Gonzalez eta Iñigo Astiz izango ditugu; eta irakurlearen tartean, Dimako Begoña Kerexetak egingo du bere gomendioa.
'Arte[faktua]' larunbatero izaten da ikusgai 15:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.