Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Joxemari Iturralde idazlea, 15:00etan, 'Arte[faktua]'n

EiTB

Iturraldek Felipe Uriarte mendizalea gonbidatuko du saiora.

1:13
Joxemari Iturralde

Joxemari Iturralde idazle tolosarra da aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' literatur saioan. Tolosan, sorterrian, elkartu dira Pamiela argitaletxearekin plazaratutako eleberriaz hitz egiteko.

Xerezaderen mila gau eta bat gehiago bezala, Iturraldek ere mila ipuin eta bat gehiago idatzi nahi izan ditu Jamaikako neska honetan. Dafne, Iturralderen antzera, bidaiari nekaezina da, eta Jamaikatik Hego Amerikara eta Europara salto egiten du maiz. Pixkanaka, Euskal Herrira etorriko da, hemengoa baitu aita. Mila gorabeheraren berri emango dio irakurleari; horien artean, adinaren zehaztasunik eza, nahiz eta Iturraldek ematen dituen arrastoei esker irakurlea jabetu daitekeen zenbat urteren bueltan dabilen Zorregieta andereñoa. Iturraldek irakurlearekin jolas egiten du, ez baitio atsedenik ematen narrazio batetik bestera: ipuin baten baitan hasten da bestea.

Felipe Uriarte mendizalea gonbidatuko du saiora Iturraldek. Aspaldiko lagunak dira, mendian zein literaturan. Uriarteren mendiko motxilan ez da sekula libururik falta, eta Iturralderen azken honetako narratzailearekin oso identifikatuta sentitu dela esan dio 'Arte[faktua]'ri.

Itxaro Borda idazle lapurtarra da aste honetako Artefaktu[egilea]. Baionara joan dira haren berri jasotzera.

Irakurlearen tartean, Tolosako Gorka Egiak Vandana Shiva idazlearen Ecofeminismo liburuaren aipamena egingo du.

Galdetegia-n, Garazi Kamio, Pako Aristi eta Tere Irastortza idazleek euren liburu kuttunen berri emango dute.

Aste honetako booktuberren atalean, Ane Martinezek Hans Christian Andersen idazlearen Erregearen jantzi berria ipuina hautatu du bere bideorako.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.