Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Rafa Egiguren idazlea, gaurko "Arte[faktua]" saioan

EiTB

Joserra Senperena musikaria gonbidatuko du Egigurenek elkarrizketara.

0:25
Rafa Egiguren euskal idazlea.

Rafa Egiguren idazle hernaniarra izango dute aste honetako "Arte[faktua]" saioan gonbidatu nagusi. Donostiako Parte Zaharrean elkartuko dira berarekin, Susa argitaletxearekin plazaratutako Txipiroiak bere beltzean ipuin liburuaz hitz egiteko. Ekialdeko kulturek, batez ere txinatarrak, pisu handia dute liburuan. Bertan bizitakoa da Egiguren, eta gustuko dituen Txina klasikoko liburuak aipatzen ditu obran. Hizkuntzek ere presentzia nabarmena dute, hala nola euskarak, katalanak eta txinerak. Euskal gatazka ere ageri da. Baita umorea ere. Hamahiru ipuinez osaturik dago liburua. Izenburua bigarrenak ematen dio, eta, erdigunea, berriz, Troyako Zaldia ipuinean dago.

Gazte hasi zen Egiguren idazten: Zeruko argia aldizkariko Gazte naiz atalean, hain zuzen, 1960ko hamarkadan. 1981ean hasi zen bere lehen literatur lanak argitaratzen: Txipiroiren bat edo beste poema liburuarekin, hain zuzen. Ordudanik, genero ezberdinak probatu ditu bere ibilbide literarioan zehar, hala nola poesia, saiakera, eleberria eta narrazioa. Denak gertatu omen zaizkio erosoak. Azken liburu honi eleberri bat idazteko asmoz ekin zion, baina, azkenean, esku artean zeukanari erreparatuta, ipuin sorta bat idaztea aproposagoa zitzaiola ikusi, eta halaxe egin zuen.

Joserra Senperena musikaria gonbidatuko du Egigurenek elkarrizketara. Lagun handiak izateaz gain, elkarrekin lan egindakoak dira Mandarin dotore disko-liburuan, literatura, artea eta poesia uztartzen dituen lanean. Egigurenek itzulitako poemen gainean konposatu zuen Senperenak lan horretan. Kulturaz, arteaz, literaturaz eta musikaz asko hitz egiten dute elkartzen diren bakoitzean. Elkarrekin literatura errezitalak egindakoak dira, gainera.

Jon Artano Euskadi Irratiko esatariak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Tabakalerako Leire Canok C.P. Snow-ren Bi kulturak liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Irene Arraratsek, Lourdes Oñederrak eta Elurre Iriartek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Leire eta Naia Martinezek Aliceren abenturak lurralde miresgarrian liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" larunbat honetan izango da ikusgai 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.