Arte[faktua]
Larunbatean, 15:00etan
Aritz Gorrotxategi elkarrizketatuko du, gaur, Yolanda Mendiolak "Artefaktua"n
EiTB
Elkar argitaletxearekin kaleratutako "Amua" poema bildumaz solastatuko dira.
-
Aritz Gorrotxategi idazlea. Argazkia: EiTB
Aritz Gorrotxategi idazle donostiarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak gaurko "Artefaktua" saioan. Donostiako Miramon pasealekuan elkartuko dira berarekin, Elkar argitaletxearekin kaleratutako poema bildumaz solastatzeko: Amua. 2011. urtetik poesia argitaratu gabe zegoen Gorrotxategi, nahiz eta, bitartean, beste lan batzuk kaleratu dituen. Naturak eta, batez ere, itsasoak, eta zehazki Mediterraneoak, presentzia handia dute liburuan, baita maitasunak eta heriotzak ere, besteak beste. Aurreko olertiekin konparatuz, musikaltasun eta erritmo biziagokoak dira hauek.
Zuzenbidean lizentziatua da Gorrotxategi. "Justiziaren ideia erromantikoagatik" eta politikagatik, erakargarria egiten zitzaion mundu hura, nahiz eta txikitatik idazle izan nahi zuen. 2000. urtean irabazitako Irun Hiria sariari esker kaleratu zuen lehen eleberria. Ordutik, hainbat genero landu ditu bere ibilbide literarioan. Azkenaldian, genero laburrean moldatzen da ondo: poesian eta ipuingintzan. Genero horietan gauzak zuzenago eta zorrotzago esan daitezkeela dio.
Asier Osinalde idazlea gonbidatuko du Gorrotxategik solasaldira. Ikastola garaitik ezagutzen dute elkar. Unibertsitate garaian, beste lagun batzuekin batera, taldetxo bat osatu zuten kultur jardueran aritzeko. Asierrek ingeniaritza teknikoa ikasi zuen, baina letrei oso lotuta egon izan da beti. Baina ez lukete han egon behar liburua plazaratu zuen 2017an. Osinalde Gorrotxategiren liburuaz eta irakurle klubetan poesia libururik ez egotearen zergatiaz arituko da, besteak beste.
Mikel Zaldua Lasala Plaza Hoteleko zuzendariak bere liburu kuttunen berri emango digu Apalat[egia] tartean.
Bestalde, Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarrak Altxor uhartea liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Rafa Egigurenek, Ana Urkizak eta Angel Errok, astero legez, literaturaren inguruko galdera bati erantzungo diote bakoitzak.
Horretaz gain, Tolosako Laskorain Ikastolako Oier Gastesik 35 kilo esperantza liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hori guztia, gaur arratsaldean, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.