Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Lorea Agirre, gaurko "Arte[faktua]" saioan

EiTB

Idoia Eskisabelekin batera argitaratu duen "Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara" saiakera aurkeztuko du.

  • Lorea Agirre, "Arte[faktua]"n

    Lorea Agirre, "Arte[faktua]"n. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Lorea Agirre kazetari eta antropologo beasaindarra izango da larunbat honetako "Arte[faktua]" saioan gonbidatu. Idurre Eskisabelekin batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera plazaratu du, Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren barruan. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta parekotasuna jorratzen dituzte liburuan. Besteak beste, inposizioaren gezurra, naturalizazioa, intersekzionalitatea, euskararen feminizazioa eta kolonizazio kulturala jorratzen ditu liburuak. Baita zenbait galdera ere: izan al gaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Eta alderantziz?

Kazetaritzan lizentziatu zen Lorea Agirre, eta, ikasketak amaitu baino lehen, kazetari lanean zebilen jada. Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa da. 2014az geroztik, Jakin kultur aldizkariko zuzendaria da. Gainera, EHUko Antropologia sailean doktore tesia egiten ari da. Bere orain arteko ibilbide oparoari buruz galdetuko dio Yolanda Mendiolak elkarrizketan.

Egoera berezia dela eta, aste honetan saioak ez du bigarren gonbidaturik izango.

Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalaria zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Artefaktu[egilea] tartean. 

Bestalde, Sho Hagio Japoniako unibertsitate-irakasle euskaltzalea izango da aste honetako Irakurlea tarteko protagonista. Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, ezagutzen den euskarazko lehen liburua, japonierara itzuli zuen Hiromi Yoshidarekin batera. Biak euskara irakasleak dira Japoniako unibertsitateetan. Tokioko Euskal Etxeko sortzaileetako bat da, eta ezaguna euskal lurraldearekin egin duen harremanagatik.

Aste honetako Galdetegian, berriz, Miren Amurizak, Isabel Etxeberriak eta Patxi Iturregik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Inge Mendizabalek eta Aiora Lazkanok Nur eta irlandar gnomoa liburua gomendatuko dute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" larunbatetan, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.