Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

13:30ean

Pello Lizarralde izango da "Arte[faktua]"ren denboraldi berriko lehen gonbidatua

EiTB

Imanol Ubeda musikaria ere batuko da saio amaieran solasaldira, eta biek batera egindako lan batzuk aurkeztuko dizkigute.

1:27
Pello Lizarralde

Pello Lizarralde izango da "Arte[faktua]" literatur saioaren laugarren denboraldiko lehen gonbidatu nagusia. Iruñeko zezen-plazan eta Gayarre antzokian ibiliko dira Yolanda Mendiola eta biak, Erein argitaletxearen eskutik argitaratutako azken lanaz hitz egiteko: Argiantza. Eleberri horretan, zinema aretoen gainbehera aitzakiatzat hartu eta, 1982az geroztik bidean galdu denari so egin dio Lizarraldek.

Imanol Ubeda musikaria batuko da saio amaieran solasaldira. Iruñeko kontzertu batean ezagutu zuten elkar eta azken urteetan elkarrekin egin dituzte lan batzuk: Don Inorrez taldeko kide da Ubeda eta Pellok Dardara hura izeneko singleko bi kanten letrak idatzi dizkio, esaterako.

Apalategia tartean, Mikel Idoate pilotari ohi, enpresari eta telebista esatariak bere gustuko liburuen berri emango digu.

Bestalde, estreinakoz, Arte saltzaileak izeneko atalean, Donosti liburu-dendan izango gara Andoni Azurmendi liburu saltzailearekin, beraien historia nahiz ofizioa zertxobait gehiago ezagutzeko asmotan.

Horretaz gain, Uxue Angiano, Sakanako 2020ko Maria Markotegi sarietako booktuber irabazleak, Jokin de Pedroren Izu izua liburua gomendatuko digu.

Larunbatean hasiko da "Arte[faktua]" saioaren denboraldi berria, arratsaldeko 13:30etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Laugarren denboraldia, berrikuntzaz beteta

Berrikuntzaz beterik dator, gainera, literatur saioaren laugarren denboraldia. Logoa eta grafismoa itxuraldatzeaz gain, hiru atal berri gehitu dizkiote aurreko denboraldiko Irakurlea, Apalategia, Arte egilea eta booktuberren tarteei: Arte saltzaileak, Irakurketa artea eta Arte zaleak.

Arte saltzaileak atalean, Euskal Herriko liburu denda esanguratsuenak bisitatu eta bertako liburu saltzaileak ezagutzeko aukera izango da bi astetik behin: dendaren sorrera, historia edota dendariaren esperientzia azalduko dituzte. Irakurketa artean, irakurketa eta ahotsa lanbide duten profesionalek ahots gora irakurtzeko zenbait gomendio eskainiko dituzte. Eta, bukatzeko, Arte zaleak izenekoan, Joseba Elorza kazetaria herriz herri ibiliko da kaleko lagunek literaturaren eta irakurketaren inguruan dituzten zaletasun nahiz ohiturak ezagutzeko asmotan.