Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

12:55ean

Itxaro Bordari elkarrizketa, gaur, "Arte[faktua]" saioan

EITB Media

Susa argitaletxearekin plazaratutako 'Euri zitalari esker' bere azken eleberriaz solastatuko da idazle baionarra Yolanda Mendiolarekin.

  • Itxaro Bordari elkarrizketa "Artefaktua"n

    Itxaro Bordari elkarrizketa "Artefaktua"n. Irudia: EITB

Itxaro Borda idazle baionarra da aste honetako "Arte[faktua]" literatur saioko gonbidatu nagusia. Igeldoko Iturritxo landetxean elkartu da berarekin Yolanda Mendiola, Susa argitaletxearekin plazaratutako Euri zitalari esker eleberriaz solastatzeko. Amaia Ezpeldoi detektibe rurala pertsonaia sentimentalaren azken entrega da Bordak idatzi duena, jakina den bezala erretiroa eman baitio landa eremuko ikertzaile baionarrari.

Bordaren literaturan ohikoak diren gaiak jorratzen dira honetan ere, hala, gorputza, sexualitatea, kultura, geografia eta hizkuntza. Ezpeldoi detektibe lesbianaren bidez, egileak, gure lurraldearen ikuspegi osoa eman nahi izan du, maila historikoan, geografikoan, soziosexualean, baita linguistikoan ere.

Liburua emakume baten ihesarekin hasten da alde batetik, eta Amaia Ezpeldoiren etxe-aldaketarekin bestetik. Ama baten deiak, alaba non dagoen aurkitzeko eskatuz, eragingo du Amaiaren abentura berri hau. Bertan, Ezpeldoiren bizitza profesionalean garrantzia izan duten pertsonaiak, kasuak eta gogoetak txirikordatu ditu Itxaro Bordak ohikoa duen ironia erabiliaz, eta euskal memoria kolektiboaren erradiografia bat osatu du sei liburukitan. Bilduma honetako beste aleak dira: Bakean utzi arte (1994), Amorezko pena baño (1996), Bizi nizano munduan (1996 ), Boga boga (2012) eta Jalgi hadi plazara (2007).

Ainara Azpiazu Axpi marrazkilaria eta Tupust! Euskal Herriko komikigileen kolektibo feministako kidea gonbidatu du Bordak elkarrizketara. Aspaldiko kideak izateaz gain, Bordaren liburu honen azalaren egilea da.

Profeten iruzurra opera prima kaleratu berri duen Amaiur Epher idazle baxenabartarra izango da, aste honetako Arte egileak tarteko protagonista.

Bestalde, irakurlearen atalean, David Grossmanen La vida juega conmigo liburuaren gomendioa egingo digu Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko Elisabet Mas Elizondo liburuzainak.

Hau guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.