Arte[faktua]
12:55EAN
Izaskun Etxeberria idazlea 'Esaten ez den guztian' liburuaz, gaur "Artefaktua" saioan
100 urteko bitartean, Altsasu eta inguruko herrien uztarketatik eratorritako Altsuondon jazotakoak batu ditu idazle altsasuarrak.
Izaskun Etxeberria idazle altsasuarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako Esaten ez den guztian narrazio bilduman, Etxeberriak 100 urteko bitartean, Altsasu eta inguruko herrien uztarketatik eratorritako Altsuondon jazotakoak batu ditu. Isiltasuna eta horrek azpian ezkutuan duenarekin zein errealitate eta fikzioarekin jolastuz, egileak XX. mendeko gertaerak azalera ekarri ditu protagonista xumeekin. Horretaz guztiaz hitz egiteko, Altsasuko tren geltokian elkartuko da saioa idazlearekin.
Tere Irastortza poeta, idazlea eta Bergarako Idazle eskolako zuzendaria gonbidatu du saiora Etxeberriak. Irastortzak, adiskidea den aldetik, haren lanaren gertuko ezaguera du, eta bere begiradatik azalduko dizkigu Esaten ez den guztian obraren zenbait alderdiz.
Bestalde, Amaia Zufia Iruñako Silvia Fernandez Viguera Emakumeen Dokumentazio Gunearen koordinatzailearengana joko dugu, Apalategian gordetzen dituen liburuak ezagutzeko asmoz.
Oriane Ayestaran irakurlearen eskutik iritsiko da aste honetako literatura gomendioa.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.