Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Gaur

'Asko Maite Zaitut' saioaren une berezienak, denboraldia amaitzeko

A.E.|EiTB

Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren, Gaizka San Pedro eta Kontxi Mujika bikotearen, Luis Arregiren eta Mirari Olaizolaren omenaldiak gogoratuko dituzte gaur.

  • Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea

    Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea

'Asko Maite Zaitut' saioa berezia izango da gaur. Denboraldi honetan 12 atal emititu dira eta horietatik momenturik aipagarrienetakoak aukeratu dituzte saio berezi hau egiteko. Hainbat eta hainbat izan dira Euskal Herrian zehar egin dituzten omenaldiak. Horietako lau, hunkigarrienak eta ikusgarrienak izan direnak, aukeratu dituzte emanaldi berezi honetarako.

Lau istorio horiek hauexek dira:

Jose Mari Agirretxe Porrotx da lehenengo istorioaren protagonista. Jende askoren haurtzaroko parte da zalantzarik gabe, baina kasu honetan, egoera berezi batean dauden haurrengatik eta euren familiengatik egindako lana eskertu nahi izan zioten omenaldiarekin. Aspanogi elkarteko kideak izan ziren omenaldiaren bultzatzaileak. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea da eta Joxe Marik urte askoan parte hartu izan du beraiek antolatutako ekintzetan.

Bigarren historioak Bermeora garamatza: Gaizka San Pedro eta Kontxi Mujika izan ziren protagonistak. Bermeoko Alkartasuna dantza taldearen sortzaileetakoak izan ziren Gaizka eta Kontxi orain 40 urte. Harrez geroztik, dantzaren hazia ederki baina hobeto ereiten jakin izan dute Bermeon.

Ondoren, berriz, Luis Arregi azkoitiarraren historia oroituko dute, bizitza guztian besteei laguntzeko lan egin duen gizona. Gipuzkoako Odol Emaile Elkartean boluntario, Caritaseko partaide eta Azkoitiko elikagai bankuaren laguntzaile, besteak beste. Makina bat kontutan sartuta egon da eta dago Luis Arregi, beti musu truk eta beti eskua luzatzeko prest! Bere eskuzabaltasuna eskertu nahi izan zioten omenaldiarekin lagunek eta senitartekoek. Luisen seme-alabekin batera, Juanjo Ruiz de Azua izan zen omenaldiaren bultzaitzaile nagusia, Odol Emaileen Elkarteko eta Elikagai Bankuko boluntarioa bera ere.

Azkenik, Mirari Olaizola Donostiako Axular Lizeoko irakasle ohiaren omenaldia gogoratuko dute. 34 urtez izan da Mirari Axular Lizeoko irakasle eta asko izan dira bere gelatik pasa diren ikasleak. 2010ean erein zen ikusiko dugun omenaldiaren hazia. Romanen, Mirariren ikasle ohi baten, heriotzak bildu zituen Mirari eta Romanen klasekide ohiak. Berrelkartze hartan, Mirarik eskutitz batzuk bueltatu zizkien ikasle ohiei. Idazlan hartan, umeek handik hamar urtera irudikatu behar zuten euren burua. Mirarik urteetan lan haiek gorde izanak ikasleak hunkitu egin zituen eta horregatik erabaki zuten andereño ohiari omenaldia prestatzea.

'Asko Maite Zaitut'en saio berezia 22:00etan izango da ikusgai, eitb.eus-en eta ETB1en.

.