Publizitatea
Itxi

2017/05/28

07:53

Asko maite zaitut

Famatuei omenaldiak

Markel Irizar, 'Asko Maite Zaitut' saioaren 3. kapituluko protagonista

A.E. | EiTB

Gaur izango da ikusgai Markel Irizarri bere familiakoek eta ingurukoek egingo dioten omenaldia.

0:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen 'Asko Maite Zaitut' saioak Markel Irizar Oñatiko txirrindularia izango du protagonista gaur. Horren emaztea Alaitz eta ama Maria Eugenia izango dira omenaldiaren bultzatzaile nagusiak, baina konplize gehiago ere bilduko dituzte, tartean beste hainbat txirrindulari, Aspanogi elkarteko lagunak eta baita Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazoa, ere.

Gaztea da oraindik Markel Irizar, 37 urte ditu, baina bizitzak kolpe latz bat baino gehiago eman dizkio dagoeneko. 18 urte zituenean, aita galdu zuen, bere buruaz beste eginda. Oso une txarrak pasatu zituen orduan, eta txirrindularitza ihesbidea izan zen bai beretzat baita bere ama Maria Eugeniarentzat ere, seme bakarra baita Markel. Egoerari buelta eman ziotenean, berriz, 22 urte zituela eta txirrindulari afizionatua zela, barrabiletako minbizia aurkitu zioten.

Baina Markel Irizar oso pertsona positiboa eta baikorra da, inguruko guztiek aitortzen dutenez. Momentu txarrenetan, gainera, bere burua baino, ondokoak izaten ditu gogoan, eta haiei laguntzen eta animoak ematen jarduten omen du.

Azkenik, minbizia gainditu zuen eta profesionaletara salto egiteko aukera izan zuen. Euskaltel-Euskadi, Radioshack eta Trek taldeetan aritu izan da, eta gaur egun Trek-Segfredo taldean ari da.

Bere izateko moduagatik, beti baikor dagoelako eta ingurukoei laguntzeko edozer egingo lukeelako, omenaldia egin nahi diote emazteak eta amak. Gainera, ekitaldi hau hitzez gutxitan esan diotena esateko baliatu nahi dute, asko maite dutela esateko.

Eurekin batera, konplize gisa arituko dira Markelen amama Bixenta eta osaba Txus. Oso pertsona garrantzitsuak dira biak Oñatiko txirrindulariarentzat.

Bestetik, Haimar Zubeldiak, Joseba Zubeldiak eta Amets Txurrukak Markel tropelean nolakoa den kontatuko digute. Bi goitizen ditu Markelek tropelean: Bizipoz (bere alaitasunagatik) eta Radio basque (Lance Armstrongek jarri omen zion, bere hitz-jarioagatik). Pertsona bikaina izateaz gain, txirrindulari bezala, bere eskuzabaltasuna eta besteekiko lan eskerga egin izana goraipatuko dituzte Markelen lanbideko kideek.

Markel etxetik eta tropeletik kanpo nolakoa den azalduko digute Markel eta Jose Luis Fernandezek. Lehena 18 urteko gaztea da, eta bi aldiz eduki du minbizia, 2 eta 6 urterekin. Bere aita Jose Luisi esker ezagutu zuen Markel. Momentu txarreneten laguntza handia eskaini zion Markelek. Egun lagun minak dira. Halaber, Jose Luis Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteko presidente izan zen, eta elkarte horrek antolatzen dituen ekimen guztietan Markelek eskaintzen duen laguntza nolakoa den kontatuko digu. Gaixo dauden umeei bisita egiteaz gainera, Markelek (Joseba eta Haimar Zubeldiarekin batera eta Katxiporreta pailazoen laguntzarekin) Mobibike eguna sortu zuen. Urtero, txirrindularitza maite dutenak Zarautzen biltzen dira elkarteari eta gaixo dauden umeei laguntza emateko.

Horiek guztiak egongo dira Oñatiko plazan egindo zaion omenaldian. Familiaz gain, txirrindulariak ere egongo dira (Joseba eta Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza, Amets Txurruka, Egoi Martinez…) eta bertan egoteko modurik ez dutenek (Miguel Indurain, Gorka Izagirre, Txetxu Rubiera) mezuak bidaliko dizkiote berak espero gabe.

Aspanogiko lagunak ere omenaldian izango dira, baita Joxe Mari Agirretxe Porrotx ere, Markelen lagun mina. Omenaldi hunkigarria izango da, ezustean harrapatuko baitu sorpresa itzel honek Markel, eta emozioak azalaraztekoa delako.

Hori guztia, gaur, 22:00ak aldera, eitb.eus-en eta ETB1en.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;