Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

22:00etan

Final handirako txartelak jokoan, gaur gauean, "Baserria"n

EITB Media

Emozioa, sufrimendua, malkoak eta ustekabeko bisitak Klaudio Landak gidatutako lehiaketaren 8. atalean.

0:22
Auzolanean

"Baserria" saioa azken txanpara gerturatzen ari da, eta lehen edizioko final handia ate-joka dugu. Dagoeneko, 3 bikote baino ez dira geratzen lehiaketan; final handian, ordea, birentzat baino ez da lekurik izango.

Azken saioko lurrikararen eraginak oso bistakoak dira goienetxeatarren taldean; buruz buruko ikusgarri bat jokatuta, ustekabean, Joxek eta Iratxek etxerako bidea hartu zuten azkenean. Gari eta Gontzal dira gorrien ordezkari bakarrak, baina oso kontuan hartu beharrekoak, beti hari batetik zintzilik egon arren, inor ez baita izan beraiek etxera bidaltzeko gai.

Aurreikuspen guztien aurka, bengoetxeatarren taldeko ordezkariak gehiengoa dira finalaren atarian, nahiz eta oso bestelako bidea egin duten. Amalurrek eta Xabik saioko bikoterik indartsuena direla erakutsi dute, desafio gehien jokatu eta merezita irabazi ostean. Ezusteko handia litzateke finaletik kanpo geratzea. Ibaik eta Eduk, aitzitik, ez dute desafio bakar bat bera ere jokatu. Probetan egindako hutsegiteak eta gorabeherak ahaztuta, beraien balioa erakusteko amorruz iritsiko dira biak auzolanik garrantzitsuenera.

Final handian sartzeko azken auzolana berezia izango da; bikote bakoitza bere aldetik arituko da, ez talde gisara, orain arte bezala. Proban irabazle suertatzen den bikoteak zuzenean lortuko du final handirako sailkapena. Beste biek, berriz, aurrez aurre arituko beharko dute finalerako bigarren txartela eskuratzeko.

"Baserria" saioaren zortzigarren atala, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Casting berria, laster

"Baserria" saioa hasi da jada bigarren denboraldia prestatzen, eta aurki jarriko du martxan bertan parte hartzeko castinga. Programaren webgunean ikusgai dago jada castingean izena emateko informazioa.