Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

22:00etan

"Baserria" realityaren denboraldi berriaren estreinaldi handia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Jada martxan dago "Baserria" app berria eta ostiralero atal bakoitzaren lehen 10 minutuak izango dira bertan ikusgai, esklusiban. Gaur jarriko dira martxan APP-an"Baserria Quiz" eta baserritar eta kaletar onenak aukeratzeko lehiaketa, eta sareetan, "Baserria Chatbot" joko interaktiboa.

  • Klaudio Landa, "Baserria" saioaren aurkezlea

    Klaudio Landa, "Baserria" saioaren aurkezlea. EITB Media

Gaur estreinatuko da EITB Median "Baserria" realityaren 2. denboraldia, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Lehen edizioko arrakastaren ostean, Klaudio Landak gidatutako saioa berriz ere izango da ikusgai EITBn, oraingoan, gainera, eskaintza bikoitzarekin. Batetik lehiaketaren atal bat igandetan, 22:00etan; eta bestetik, "Baserria Zuzenean" izeneko eztabaida saioa astearte gauetan, 22:30ean, aurreko igandean ikusitako bizipenak aztertzeko. Horretarako, hainbat gonbidatu izango dituzte, astero, Klaudioren platoan.

Bigarren edizio honetarako 400 pertsona baino gehiago aurkeztu ziren castingetara, eta horietatik 24 izan dira hautatuak. Beraz, 24 izango dira lehiakideak guztira, 12 kaletar eta 12 baserritar, sei bikoteko bi taldetan banatuta: Goienetxeatarrak eta Bengoetxeatarrak. Hauek dira aurtengo lehiakideak:

Ainhize Azpiazu (Azkoitia), Camilo Astiz (Lesaka), Eneko Elexpuru (Bilbo), Lucia Garmendia (Donostia), Markel Goikolea Goiko (Arrasate), Naiara Carreto (Durango), Andrea Fuente (Igorre), Iñigo Lasa (Zumarraga), Marko Usabiaga (Donostia), Svetlana Baeva (Errusia/Basauri), Tania Llanos (Gasteiz) eta Telmo Idigoras (Zumaia/Orio) kaletarrak.

'Baserria' bigarren denboraldiko kaletarrak

'Baserria' bigarren denboraldiko kaletarrak

Aitziber Martiarena (Irun/Irura), Edurne Arribillaga (Madoz), Haritz Orcaray Petatu (Arribe), Jokin Urretabizkaia (Donostia), Miren Aranberri (Endoia), Zigor Egaña (Markina/Azkoitia), Unai Martiarena (Irun), Asier Alegria (Bermeo), Bidane Madariaga (Sunbilla), Izaskun Ezkurra (Altzaga), Jexux Mari Ormaetxea Urki (Orendain/Alegia) eta Maider Ginea (Ordizia/Zumarraga) baserritarrak.

'Baserria' bigarren denboraldiko baserritarrak

'Baserria' bigarren denboraldiko baserritarrak

Horien guztien inguruko informazioa jada eskuragarri dago "Baserria" saioaren app berrian eta webgunean. Lehiaketaren egitura, baina, ez da aldatuko: kaletar batez eta baserritar batez osatutako hamabi bikote horiek elkarrekin biziko dira benetako baserri batean, Gautegiz Arteagako Baratze baserrian, landa eremuko egunerokotasun gogorrari aurre eginez. Ohi bezala, taldekako eta bikotekako frogei aurre egin beharko diete, betiere baserri eta landa eremuko lanak oinarri. Mundu ezberdinetatik etorriak izan arren, baserritarraren jakintza eta trebetasuna bezain garrantzitsua izango da kaletarraren ikasteko gogoa, eta biak ondoen uztartzen dituen bikotea izango da 6000 euroko sariaren irabazlea. Ikus-entzuleek, gainera, denboraldiko baserritar eta kaletar onena hautatzeko aukera izango dute aurten ere.

Aditu berriak

Klaudio Landaren ondoan bi aditu berri izango ditugu lehiakideei aholkuak eman, arauak gogorarazteko eta epaile lanetan: Amalur Arbelaitz, lehen edizioko parte hartzaile eta ikusleentzat baserritar onena izan zena; eta Ion Areitio, Hondarribiko baserritar eta abeltzain gaztea.

'Baserria' saioaren bigarren denboraldiko adituak

'Baserria' saioaren bigarren denboraldiko adituak


Twitch emanaldi berezia, denboraldia abiatzeko

Igande honetan, Twitch emanaldi berezia egingo da, denboraldi berriko estreinaldi handia zuzenean komentatzeko. Jon Fernandez Gazteako esataria izango da aurkezlea, eta bi kolaboratzaile izango ditu alboan: Alex Padilla, sare sozialetan aditua, eta Amaia Barandiaran, joan den edizioko lehiakidea. 21:00ak inguruan hasiko da kontakizuna, zuzenean, eta EITBtwitch kanalean eta eitb.eus/baserria webgunean jarraitu ahal izango da. Aurten, guztira, bi Twitch emanaldi izango ditugu: denboraldi berriko estreinaldian eta final handian.

"Baserria Chatbot" joko interaktiboa sareetan eta "Baserria Quiz" lehiaketa app berrian

Euskarri digitalak eta sare sozialak erabat berrituta eta indartuta datoz edizio honetan. Hala, alde batetik, "Baserria Chatbot"a izango dugu, programaren jarraitzaileek Facebook eta Instagramen jokatu ahal izango duten joko digital interaktiboa. Joko digital honi esker, programaren zaleak "Baserria" saioaren unibertsoan murgildu ahal izango dira saioaren partaide birtual bezala, eta puntu gehien lortzen duten jarraitzaileek programarekin eta baserriaren munduarekin lotutako sariak irabazi ahal izango dituzte. Astero eguneratuko da jokoa, atal bakoitza bukatutakoan.

Bestalde, denboraldi honetan "Baserria"ren app berria jarri da martxan. Bertan, atalak, lehiaketak, inkestak… izango dira ikusgai, eta ostiral honetan bertan lehenengo atalaren aurreneko 10 minutuak izango dira aplikazioan ikusgai, esklusiban. Ostiralero, asteko saioaren lehen minutuak izango dira ikusgai bertan; eta, nola ez, lehiakideen arteko challenge edo erronka bereziak ere ikusiko ditugu appan. Berrikuntza bezala ere, "Baserria Quiz" galdeketa izango da bertan, astero igandeko saioaren ostean martxan jarriko den lehiaketa. Jarraitzaileek atalaren inguruko galderak erantzun beharko dituzte, baina baita nekazaritza munduko itaunak ere. Inkesta ere ez da faltako app berriaren edukien artean. Kasu honetan erabiltzaileei eginiko galdera bat izango da, kanporatutako bikotearen ingurukoa, eta emaitzak eragina izango du astearteko "Baserria Zuzenean" programan. Baserritar Onena eta Kaletar Onena ere aukeratu ahal izango dira aurten aplikazioaren bitartez. "Baserria" app berria eskuragarri dago Play Storen eta Apple Storen.

'Baserria' saioaren app berriaren aurkezpena

'Baserria' saioaren app berriaren aurkezpena

Orain arte bezala, saioak webgune propioa izango du eitb.eus-en: eitb.eus/baserria. Bertan saioaren inguruko informazio guztia izango da eskuragai: albisteak, bideoak, argazkiak, atalak osorik… Gainera, EITB Nahieran plataforman eta EITBren YouTube kanalean ere izango da "Baserria".

Sare sozialei dagokionez, presentzia are handiagoa izango du saioaren 2. denboraldi honek. Facebooken (facebook.com/baserriaeitb) eta Twitterren (@baserriaEITB) edukiak partekatuko dira eta, nobedade gisa, Tik Token kontua (tiktok.com/@baserria.eitbofficial) ere izango du programak. Bertan lehiakideek beraiek grabatutako bideoak ikusteko aukera izango da. Halaber, debateen aurretik, InstaLive bat egingo da (instagram.com/baserria_eitb kontuan).

Joan den denboraldian bezala, Gazteak jarraipen berezia egingo dio realityari, eta astero programako kanporatuak hartuko dituzte "Gu" saioan.

"Baserria Zuzenean" eztabaida saioa, asteartetan

Asteartean, berriz, "Baserria Zuzenean" izeneko eztabaida saioa estreinatuko da, Klaudio Landak aurkeztuta, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Negutegiko izpiritua platora eramatea izango da asmoa. Hala, "Baserria" lehiaketan gertatzen den guztiaz luze eztabaidatzeko programa izango da eta, astero, realityaren unerik garrantzitsuenen errepaso zehatza egingo dute zuzen zuzenean eta ETBko platotik. Kaleratuak izan diren lehiakideak gonbidatuko dituzte platora, eta elkarrizketa sakona egingo die Klaudiok. Kaleratzearen gakoak aztertu eta "Baserria"n bizitakoak kontatzeaz gain, haien inguruko iritzi zein kritikei aurre egin beharko diete. Konpondu gabeko tentsio eta liskarrez jarduteaz gain, emititu gabeko irudiak ere erakutsiko dituzte esklusiban, tartean elkarbizitzako egoerak zein lehiakideen aitortza ezkutuak. Eztabaida zuzenean izanik, ikusleekin harreman zuzena egongo da sare sozialen bidez.

Astearte honetan, besteak beste, honako hauek izango dira eztabaidan: Xabier Orbegozo, Amaia Barandiaran eta Iratxe Lazkoz lehen edizioko parte-hartzaileak, Alex Padilla sare sozialetan aditua, Nerea Rodriguez komunikatzailea, Andoni Iruretagoiena Izeta herri kirolaria, eta Txurru komunikatzailea. Hauekin batera, bigarren denboraldian parte hartuko duten lehiakideen senitarteko eta lagunak ere hartu ditu Klaudiok.