Itxi

Bidegurutzean

Bidegurutzean

Bidegurutzean

22:40an

"Bidegurutzean" musika saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Programaren atal bakoitzean hiru gonbidatu egongo dira, adin eta ibilbide ezberdinekoak. Bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio telefono kabinan eta, ondoren, kantuan ikusiko ditugu.

  • "Bidegurutzean" saioaren irudia

    "Bidegurutzean" saioaren irudia

Gaur gauean, "Bidegurutzean" musika saio berria estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en. Musika eta euskal musikariak izango ditu ardatz saioak eta Euskal Herriko hainbat musikariren elkargune izatea du helburu. Hala, musikari zein talde ezberdinak hurbilagotik ezagutuko ditugu, bidegurutzean kokatutako kabina baten barruan, Robert Johnsonen kondaira abiapuntu hartuta. Kondaira horren arabera, Johnsonek bidegurutze batean egin zuen topo deabruarekin, eta musikarako dohainen truke arima saldu zion hari.

Programaren atal bakoitzean hiru gonbidatu egongo dira (taldeak nahiz bakarlariak), adin, ibilbide eta esperientzia-maila ezberdinekoak. Gonbidatu bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio telefono kabinan eta kantu propio bat grabatuko du bertan. Azkenik, hiru gonbidatuek bakoitzaren kantu bat abestuko dute elkarrekin.

Lehen atalean, Izaro, Gari eta Skakeitan izango dira protagonista nagusiak. Ondoren helduko dira Niko Etxart, Petti eta Liher; eta Mursego, Joseba Irazoki eta Vulk elkarrekin izango dira hurrengo atalean. Jarraian, Evaristo, Dupla eta Sua. Hauek dira beste atal batzuetako hirukoteak: Eñaut Elorrieta + Willis Drumond + Eneritz Furyak; Izaki Gardenak + Mice + Oki Moki; Gatibu + Ezpalak + Grises; Mikel Urdangarin + Maite Larburu + McOnak; Francis + Zea Mays + Kai Nakai; Belako + Amorante + Sara Zozaya; Unai Muguruza + Africa Bibang + Lorea Argarate + Juantxo Glaukoma; Haritz Lete + Kobra + Niña Coyote.

Robert Johnsonen kondaira

Kondairak dio bidegurutzeetako kabina bakartietan ezartzen dituela deabruak hitzorduak; eta kondairak dio Robert Johnson izan zela deabruarekin tratua egiten lehena, bidegurutzean. Deabruarekin hitzordua izan ostean, inoizko musikaririk onena bilakatu omen zen gauetik egunera.

Saioaren izena eta ideia Robert Johnsonen kondaira horretan oinarrituta dago. Izan ere, kondairaren arabera, Johnsonek bidegurutze batean egin zuen topo deabruarekin, eta musikarako dohain itzelen truke arima saldu zion hari.

20 talde eta 45 musikari BECeko Bizkaia Arenan

Joan den asteazkenean, martxoak 31, egin zen "Bidegurutzean" saio berriaren aurkezpena Barakaldoko BECen, Bizkaia Arena aretoan, musika ekitaldi itxurarekin. Programan parte hartu duten hainbat talde edo bakarlari izan ziren bertan. Zehazki, 20 talde edo bakarlari bildu zituen aurkezpenak, guztira 45 bat artista, eta musika emanaldi berezi bat ere eskaini zuten. Hauek dira bertan izan ziren talde eta bakarlariak: Dupla, Sua, Willis Drummond, Eneritz Furyak, Petti, Liher, Niko Etxart, Oki Moki, Ezpalak, Grises, Gatibu, McOnak, Cobra, Kokein, Mursego, Lorea Tea Party, Amorante, Sara Sozaya, Skakeitan eta Afrika Bibang.

(Musika ekitaldi itxura izan zuen aurkezpenak Bizkaia Arenan. Argazkia: EITB Media)

Aurkezpena eta musika emanaldia publikorik gabe izan zen, baina streaming bidez jarraitu ahal izan zen. Saioaren webgunean ikusgai daude aurkezpenaren bideoak, eta baita ekitaldiaren laburpena ere:

BECeko Bizkaia Arenan egin zen "Bidegurutzean" saioaren aurkezpenaren harira, ekitaldiaren jarraipen zabala egin zen EITBko irrati, telebista eta Internet bidez. Izan ere, EITBk set berezia jarri zuen Bizkaia Arenan eta, konexioak egiteaz gain, han egin zituzten zuzeneneko hainbat saio: Gaztea irratiko "Gu" irratsaioa bertan egin zuten; Radio Euskadiko "Graffiti" saioa ere bertan izan zen, giroaren berri bertatik bertara emateko; eta zuzeneko konexioak egin zituzten arratsaldean zehar ETB1en eta ETB2n. Bertatik egin zen ere zuzeneko kontakizuna EITBtwitch kanalaren bitartez. Ekitaldiak, nola ez, jarraipen zabala izan zuen EITBko eta saioaren sare sozialetan: Facebook, Twitter eta Instagram.