Bost Baietz!
Estreinaldia
'Bost Baietz!' saioa, gaurtik aurrera ETB-1en
Julian Iantzik dirua banatuko du egunero Euskal Herriko kaleetan.
'Bost baietz!' saioaren atal berriak estreinatzen ditu gaur Euskal Telebistak, 21:15etan hasita, ETB-1en. Asteak daramatza Julian Iantzi aurkezleak lehiakideak bilatzen gure herrietako kale, azoka edo jai gunetan. Balmaseda, Ondarroa, Donostia, Leioa eta Bergara bisitatu ditu dagoeneko eta milaka euro banatu ditu herritarren artean.
Aste honetan adibidez, ostiralean Bermeoko Arrain Azokan izango da, larunbatean Elgoibarko Trinitate jaietan eta igandean Portugaleten ospatuko den Ibilaldia bisitatuko du.
Lehiakideak kalean bertan harrapatuko ditu Iantzik. Bost minututan hainbat galdera egingo dizkie parte hartzaileei eta hauek dirua irabazteko aukera izango dute. Denetariko galderak izango dira kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun albisteak… baina asko Euskal Herriarekin lotura dutenak izango dira. Hasieran errazagoak eta aurrera egin ahala zailduz joango dira.
Herritarrek erantzun zuzena bota beharko dute, bakarrik jokatu dezakete baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eskatu diezaioke. Zenbat eta arinen erantzun galdera gehiago egiteko eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute.
Bost minutuko erronda amaitu ondoren, lehiakideak bi aukera izango ditu: diruarekin planto egin edo proba baten parte hartu lortutako dirua bikoiztu edo dena galtzeko arriskuarekin.
Saioan grabazioak non egingo diren edo nola parte hartu jakin nahi dutenek bostbaietz@eitb.com helbidera idatzi dezakete.