Debatea
Gaur gauean
Herriko tabernen auzia eta Fagor Etxetresnak, 'Debatea'n
A.E.
EiTB
Xabier Usabiagak gidatuta, 22:15ean aztertuko ditugu gai horiek, ETB1en.
Gaur gauean, 22:15ean, ETB1en, 'Debatea' saioak bi gai izango ditu aztergai: batetik, herriko tabernen auziaz arituko dira, eta, bestetik, Fagor Etxetresnaken egoera.
Hasteko, 'herriko tabernen auzia' izango du eztabaidagai. Batasuneko kide ziren 36 lagun epaituko dituzte, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea egotzita. Halaber, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek zortzi eta hamabi urteko espetxe-zigor eskaerei egin beharko diete aurre, ETAko kide izatea edota erakunde armatuarekin kolaboratzea egotzita.
Horrekin batera, politika arloan asteak eman dituen beste gai batzuk ere aztertuko dituzte 'Debatea'n parte hartuko duten solaskideek; Segi mugimenduaren kontrako makroepaiketa eta hurrengo astelehenean Estraburgok iragarriko duen 'Parot doktrina'ren inguruko erabakia, besteak beste.
Gai horien inguruan eztabaidatzeko, honako solaskideak izango dituzte 'Debatea' saioan: Andoni Unzalu, informatikaria; Arantza Azurza, abokatua; Jose Ramón Bengoetxea, EHUko Zuzenbide Filosofiako irakasle titularra; Koldo Castañeda, komunikazioan aditua, Aranxta Urretabzikaia, idazlea eta Juan Mari Juaristi, zuzenbidean lizentziaduna.
Bestalde, Fagor Etxetresnak ere izango da hizpide. Hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, Mondragon Korporazio Kooperatiboak (MCC) agiri batean baieztatu duenez, eta horrek gure ekonomian izango duen eragina aztertuko dute kolaboratzaileek.
'Debatea', ostegunero, gaueko 22:15etik aurrera, ETB1en, Xabier Usabiagak gidatuta.