Itxi

Debatea

22:15ean

Fagorren krisia eta aurrekontu orokorrak, 'Debatea' saioko gaiak

A.E.

EiTB

MCCk Fagor Etxetresnaki diru gehiago emango ez diola iragarri ondoren, enpresaren egoera zertan geratu den aztertuko dute Xabier Usabiagak gidatzen duen saioan.

0:20
Aurrekontuak Debatean

Fagor Etxetresnak eta Eusko Jaurlaritzaren 2014rako aurrekontuak izango dituzte hizpide gaur gauean ETB1en, 'Debatea' saioan, 22:15ean hasita, Xabier Usabiagak gidatuta.

Fagor Etxetresnak kooperatibaren etorkizunaz arituko dira lehendabizi ETB1eko 'Debatea' saioan. Azken orduko berrien arabera, MCCk ez du bideragarri ikusten Arrasateko Fagor Etxetresnak enpresa, eta ez dio diru gehiago emango; ondorioz, itxiera aurki ikusten dute sektore batzuetan. Fagorreko hartzekodunen aurrekonkurtsoan dauden langileak manifestaldira deitu dituzte, eta azken protestaldien lekuko izango da 'Debatea'. Fagor Etxetresnaken etorkizunaz hitz egiteko, besteak beste, Angel Toña konkurtso-administratzailea, Baleren Bakaikoa GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko zuzendaria eta Nekane Altzelai ekonomialaria izango dituzte.

Halaber, ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrean hasiko den lege-proiektuaren tramitea izango da hizpide. Gobernu Kontseiluak 10.215 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2014. urterako. Osasun-sistema eta hezkuntza izango dira datorren urteko aurrekontuaren ardatz nagusiak. Legebiltzarrera eraman den lege-proiektua abenduaren 20an bozkatuko dute bertan.

EAJk, PSEk eta PPk zergen inguruko ituna izenpetuta, 2014. urterako aurrekontuek hiru alderdien oniritzia jaso dute. EH Bildu eta UPyD alderdiak, ordea, aurrekontu horien aurka agertu dira. 'Debatea' saioak aurrekontu horien alde eta kontra dauden alderdi politiko nagusietako legebiltzarkideak jarriko ditu eztabaidan. Krisialditik irteteko aurrekontuak al dira? Horretaz eztabaidatuko dute Josune Gorospe (EAJ), Gorka Maneiro (UPyD), Dani Maeztu (EH Bildu), Laura Garrido (PP) eta Idoia Mendia (PSE) legebiltzarkideek.