Debatea
22:00etan
Erabakitzeko eskubideaz, gaur gaueko 'Debatea'n
A.H.
EITB
Giza kateak izandako babesaren ondoren, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea noren esku dagoen aztertu nahi izango du saioak.
Gure Esku Dago ekimenak joan den igandean egindako mobilizazio erraldoiaren ondoren, hainbat galdera sortu dira. Euskal herritarron erabakitzeko eskubidea noren esku dago? Kaleko herritarren eskuetan edo legebiltzarreko politikarien eskuetan? Bi aukera horiek kontrajarriak al dira? Politika egiteko modu berriak sortu al dira? Eta hori horrela bada, alderdien ordezkaritza arriskuan al dago? Zein izango dira Gure Esku Dago ekimenaren hurrengo urratsak? Gure Esku Dago ekimenaren haritik tiraka, gai honekin lotutako korapilo guztiak askatzen saiatuko dira Xabier Usabiagak gidatzen duen 'Debatea' saioan.
Ostegun honetan, honako gonbidatuak hurbilduko dira saiora: Jon Tellera, Gara Naiz-eko kazetaria; Andoni Unzalu, informatikaria; Leire Martinez, Iratzarriko EKIko kidea; Lander Martinez, Podemoseko kidea; Karmelo Landa, EHUko irakaslea; Vanessa Velez, Lasarte-Oriako PPko zinegotzia, eta Josu Mendikute, EGIko kidea.
'Debatea' gaur emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en.