Debatea
22:15ean
Ustelkeriaren putzu sakona, gaurko 'Debatea' saioan
A.A.
EiTB
Punica operazioaren harira eta azken urteetan izan diren beste hainbat afera ere gogoratuz, hainbeste ustelkeria kasu egotearen zergatiak eta ondorioak aztertuko dituzte.
Azken egunotan burututako Punica operazioarekin geroz eta sakonagoa den ustelkeriaren putzua izango dute aztergai ostegun honetako 'Debatea' saioan, Xabier Usabiagak eta bere gonbidatuek: Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea, Laura Garrido PPko legebiltzarkidea, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea, Denis Itxaso Donostiako PSE-EEko zinegotzia, Lander Martinez Podemoseko kidea, Jurdan Arretxe Noticias de Gipuzkoa egunkariko politika arduraduna eta Galder del Campo abokatua.
Aztoratuta dago gizartea. Gizarteak ez dio mugarik ikusten azken hamarkada hauetan gauzatu den ustelkeriari. Punica izena hartu duen azken ustelkeria kasua dela eta, 51 pertsona atxilotu dituzte aste honetan; Francisco Granados PPko buruzagia, Madrilgo presidenteorde ohia, Esperanza Aguirreren bigarrena alegia, tartean. Herri-lan eta zerbitzu publikoak esleitzeko sarearekin bi urtean 250 milioi euro eskuratzea leporatzen diete guztiei.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak berak barka eskatu du ustelkeriaren putzu hain sakona ikusita eta Euskadiko Alderdi Popularrak ere kanpaina abiatu du Internet sarean #TantaLuchaParaEsto lelopean, ustelkeriaren aurrean eraginkorrago jokatzea eskatuz.
Punica izenarekin ezagutzen den afera honetaz gaindi, ustelkeriaren putzu sakonak izan ditu, ordea, bestelako aurrekariak. Palma Arena, Noos, Malaya, Enplegu Erregulazioko Espedienteen iruzurra eta Gürtel auzia, besteak beste. Egun, ustelkeriaren lokatzetan nahasi diren 1.700 kasu inguru daude auzipean, eta hogei pertsona baino ez dira espetxean.
Nola iritsi gara iritsi garen egoera honetara? Zer gertatu da? Zergatik gertatu da? Zenbaterainokoak dira demokraziari egiten zaizkion kalteak? Zein ondoriorekin?
Osteguneko 'Debatea' saioa galdera hauei erantzuna aurkitzen ahaleginduko da, Xabier Usabiagaren gidaritzapean.