Eitb Kultura
01:00ean
Teatro Paraiso, gaurko 'EiTB Kultura' saioan
A.E.
EiTB
Haurrentzat erreferente den antzerki taldeak ia 30 urte egin ditu taula gainean.
'EiTB Kultura-Transit' saioak Teatro Paraíso taldeari buruzko erreportajea eskainiko du gaur. Euskadiko antzerki-talde zaharrenetako bat denak 30 urteko ibilbidea du eta erreferente bilakatu da, baita nazioartean ere, haurrentzako antzerkiari dagokionez. Eredu dira, batez ere, 0 eta 5 urte arteko ikusleen artean.
Gasteizko Abetxuko auzoan Teatro Paraisok duen egoitza, KunArte, bisitatuko du 'EiTB Kultura' saioak. Egoitza izateaz gain, funtzio gehiago betetzen ditu Abetxukoko lokalak, haurrentzat antzerki programazio finkoa eta beste ekintza batzuk eskaintzen baititu urtean zehar. Horrez gain, ikuskizunetarako sormen laborategia ere bada.
Bestalde, 'EiTB Kultura' saioak zinema-aretoetako filmak errepasatuko du eta hainbat zinemalditako eskaintzei erreparatuko die, Bilboko Zinegoak eta Iruñeko Pamplona Negrari, esate baterako. Pabellon 6ko La noche árabe-ren estreinaldiaz ere jardungo da, eta Euskadi Irratiko 'Portobello' irratsaioko Asier Leoz The Great Barrier eta The Decemberists taldeen disko berriez arituko da.
ETB1en, gainera, Malkoa film laburra eskainiko dute, Jorge Gil zuzendariaren sarrerarekin.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai, 01:00 aldera, ETB1en eta ETB2n.