Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak hizpide, 'EiTB Kultura'n

A.H. | EITB

Lander Camarero, Aitor Oñederra, George Todria, Iñigo Salaberria eta Tucker Davila Wood zuzendariek euren film laburren nondik norakoak aztertuko dituzte.

Kimuak 2015 katalogoa osatzen duten zazpi film laburren erakusleihoa izango da gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioa. Lander Camarero, Aitor Oñederra, George Todria, Iñigo Salaberria eta Tucker Davila Wood zuzendariak bildu ditu saioak, euren film laburrak sortzeko prozesuaz eta formatu horrek gaur egun eskaintzen dituen baliabideei buruz hitz egiteko. Film laburren garapenaz ere hausnarketa egingo du Txema Muñoz Kimuaken arduradunak, bilakaera horren lekuko izan delako Eusko Jaurlaritzaren programa azken 18 urteetan.

Mikroantzerkiaren esperientziari ere zabalduko dio leihoa aste honetako saioak Sortzaileak atalean. Tabakaleran zabaldu duten 'El Sekadero' espazioaren berezitasunak eta bertan eskaintzen duten mikroantzerkiaren sentsazioak eta sorkuntza aukerak azalduko dituzte antolatzaile eta antzerkilariek.

Musika gomendioa Euskadi Irratiko 'Portobello' saioa egiten duen Asier Leozek ekarriko digu: Nacho Vegasek Fee Rega kantari alemaniarrarekin atera duen azken diskoa, Canciones populistas.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai, ETB1en eta ETB2n.