Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Joxan Artzeren unibertso poetikoan barrena, gaur 'EiTB Kultura'n
A.H. | EITB
Horrez gain, Sra. Polaroiska taldea izango da Sortzaileak ataleko protagonista.
Joxan Artzeren unibertso poetikoan barrena bidaia egingo du gaur gauean 'EiTB Kultura–Transit' saioak. Usurbilgo idazle eta musikariak 40 urte baino gehiagotan garatutako sorkuntza zabalean murgiltzeko aukera eskaintzen du Donostiako San Telmo museoko 'Ikimilikiliklik' ikus-entzunezko mostrak. Joxan Artzeren sorkuntzaren alor ezagunetan eta ez hain ezagunetan sakonduko dute Carlos Rodriguezek eta Alberto Lizarraldek - ikusteko, entzuteko eta sentitzeko pentsatuta dagoen instalazioaren zuzendariek- eta Juan Kruz Igerabidek, Mikel Laboa katedraren zuzendariak.
Sra. Polaroiska taldea izango da Sortzaileak atalean protagonista, Tabakaleran ikusgai dagoen Andrekale film-instalazioa aurkeztuz.
'EiTB Kultura-Transit' saioak, gainera, David Bowie omenduko du, Asier Leozen eskutik (Euskadi Irratiko 'Portobello' saioaren aurkezlea). Aste honetan hil den rock izar handiak Blackstar bere 25. diskoarekin eman digu agurra.
Eta aste honetako zine estreinaldien artean, Quentin Tarantinoren westerra, Los odiosos ocho, eta Gaizka Urresti Euskal zinegilearen komedia, Bendita calamidad, aurkeztuko dituzte.
'EiTB Kultura-Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.
ETB2n.ETB2n.