Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Mireia Gabilondoren 'Azken trena Treblinkara' lanaz, 'EiTB Kultura'n
A.H. | EITB
Saioak, gainera, Nagore Legarreta eta Fortun sortzaile euskaldunen lana ezagutuko du.
Mireia Gabilondok Azken trena Treblinkara antzezlana zuzendu berri du, eta, datozen hiru asteburuetan, Larratxon (Donostia) izango da ikusgai. Vaivén etxeak ekoitzi duen lanak mediku judu baten istorioa azaltzen du. Umezurztegi bat umeak hobeto bizitzeko toki bilakatu zuen medikuak, umeak Treblinkako kontzentrazio-esparrura eraman zituzten arte. 'EiTB Kultura Transit' saioak antzezlanaren azken entseguetako bat ikusiko du, eta Mireia Gabilondok antzerki eta zinema zuzendari moduan izandako ibilbidea ezagutuko du.
Aste honetako saioak, gainera, bi euskal sortzaileren lana azalduko du: Nagore Legarreta eta Fortun sortzaileena, hain zuzen. Nagore Legarreta argazkilariak antzinako teknika batekin egiten du lan, estenopeika baliatuz, eta horrela sortu du "Hysteron" erakusketan ikusgai dauden argazkiak.
Iñaki Gomez, Fortun, diseinugile grafikoa da, baita bateria-jotzailea ere. Ilustrazioa eta musika batzen ditu Fortunek. Musika-talde eta jaialdi ezagunen kartelak nabarmentzen dira bere lanen artean, eta horiek diseinatzeko, gehienetan, collage teknika erabiltzen du.
'EiTB Kultura Transit' saioa, gainera, Gasteizera begira jarriko da, Nazioarteko Antzerki Jaialdia hasiko baita bertan, Ikuslea ikusgai lelopean.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n. Ostiralean, errepikatu egingo dute, 18:30ean, ETB1en.


