Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Arte Ederrak ikasi eta gerokoez, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EiTB
Iraia Elias aktorea eta Buffalo talde instrumentala izango dira aste honetako saioan.
-
Bilboko Arte Ederren museoa. Argazkia: EiTB
Gradu bukaerako lanak erakusgai jarri dituzte EHUn Arte Eder ikasketak bukatu berri dituzten gazteek. Bideo sorkuntzak, margolanak eta zeramika lanak topa daitezke euren proposamenen artean. Arte sorkuntza bihurtu nahi dute ogibide: batzuek bekak lortzea dute buruan; beste batzuk, aldiz, bide instituzionalari uko egin eta euren kabuz aritzearen aldekoak dira. Beren lanaz eta etorkizunera begirako aukerez solastatuko dira beraiekin 'EiTB Kultura Transit' saioan gaur gauean.
Zakua: Iraia Elias
Iraia Elias aktore zarauztarrak klasikoak ditu gustuko, Charles Chaplin, Nina Simone eta Mary Shelleyren lanak, besteak beste. Horiek guztiak atera ditu 'EiTB Kultura'ko zakutik. Klasikoez gain, baina, gaur egun jardunean dabiltzan beste hainbaten lanak ere aipatu ditu, hala nola Sofa taldea eta Ixiar Rozasen Beltzuria saiakera. Proposamen horietaz guztietaz aritu da Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, orain hamarkada bat zabaldutako ametsen fabrikan.
Sortzaileak: Buffalo
Buffalo talde instrumentala da, zarauztarra, baina Donostiako Jazzle eskolan du jatorria. Igeldoko Undermount lokalean batu dira hirukotearekin. Bertan egiten dituzte entseguak, eta kantu berriak ere itsasoari begira dagoen eraikin eder horretatik ateratzen dira: Ulu diskoa, kasu. Laugarren lana dute, eta aretoetan eta jazz jaialdietan aurkezten ari dira orain.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en (23:55) eta ETB2n (01:00), eta baita eitb.eus-en ere.