Itxi

Erremontari

Erremontari

Erremontari

Astelehenero, 22:15ean

"Erremontari" saioak Sagardoaren Txapelketa eskainiko du astelehenero

EITB Media

Erremonteaz gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko du saioak bigarren denboraldi honetan. Kirol arina eta dotorea izanik, teknologia berriez baliatuta eskainiko du Euskal Telebistak erremonte ikuskizun bikaina astelehenero.

  • Txapelketan parte hartuko duten pilotariak.

    Txapelketan parte hartuko duten pilotariak.

"Erremontari" saioaren bigarren denboraldia estreinatu da ETB1en eta eitb.eus-en. Sagardoaren Txapelketa ardatz hartuta, astelehenero, erremonteaz gozatu eta erremontea ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Sei bikote arituko dira lehian eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Urriza-Zubiri (Larre-gain), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Ansa II-Juanenea (Setien), Segurola- Azpiroz (Petritegi), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar).

Bigarren denboraldiko nobedade bezala, bikoteek botileroa edukiko dute eta erremontearen munduko izen ezagunak arituko dira zeregin horretan: Seve Arzelus, Koteto Ezkurra, Igor Sarasua, Joseba Etxeberria, Jagoba Labaka eta Juan Carlos Itxauspe.

Ligaxka fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute. Zazpi jardunaldi izango dituzte horretarako, apirilak 25, maiatzak 2, 9, 16, 23 eta 30, eta ekainak 6. Partida guztiak 30 tantura jokatuko dira.

Lehen lau postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dituzte finalaurreko partidak, ekainaren 13an egingo den jardunaldi bakarrean. Finalaurreko partiden irabazleak aurrez aurre arituko dira ekainaren 20ko finalean.

Astero, bi partida izango dira ikusgai eta lehen jardunaldian bi neurketa hauek eman diote hasiera txapelketari: Goikoetxea V-Barrenetxea IV vs Ansa II- Juanenea, eta Urriza-Zubiri vs Segurola-Azpiroz.

Kirol arina eta dotorea da erremontea. Teknologia berriez baliatuz, kantxan bertan egongo balira bezala disfrutatu ahal izango dute ikus-entzuleek pilotariek eskainiko duten ikuskizunaz. Besteak beste, pilotalekuaren atzeko horman kamera bat jarri dute paretan integratuta, ikus-entzuleari kantxa barruko ikuspegia eskaintzeko.

Iñigo Aiestaran izango da saioaren gidaria. Manuel Arrizabalaga Matxin eta Iñaki Agirre Gaztelu izango ditu alboan, txandakatuz, partiden kontakizuna egiteko, eta Elena Azpeitia arduratuko da elkarrizketak egiteaz. 

Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dira txapelketako partida guztiak, eta astelehenero ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai 22:15etik aurrera.