Itxi

Erremontari

Erremontari

Erremontari

APIRILAK 28-EKAINAK 16

Astelehenean hasiko da "Erremontari" saioko bosgarren ekitaldia

EITB MEDIA

Bost bikote lehiatuko dira Sagardoaren Txapelketako txapela lortzeko apirilaren 28tik ekainaren 16ra eta Javi Urrizaren azken lehiaketa izango da. Partidak astelehenetan jokatuko dira berriro, eta ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango dira.

1:59

Sagardoaren Txapelketaren barruan garatzen den "Erremontari" programaren bosgarren edizioa astelehen honetan, apirilaren 28an, hasiko da, eta ekainaren 16ra arte iraungo du, egun horretan jokatuko baita finala.

Aurtengo txapelketa bost bikotek osatuko dute, eta guztien arteko ligaxka bat jokatuko dute bost jardunalditan, apirilaren 28a eta maiatzaren 26a bitartean.

Ligaxkako fasea amaitutakoan, lehenengo postuan sailkatutako bikoteak zuzenean egingo du jauzi finalera; bigarren sailkatuak, berriz, finalerdietara (ekainak 9) igaroko dira, eta aurkariaren zain geratu. Aurkaria aurretik (ekainak 2) jokatuko den play-off batetik aterako da. Aipatu play-offean aurrez aurre izango dira ligaxka fasea hirugarren eta laugarren postuetan amaitzen duten bikoteak.

Aurten ere kapitainen figura egongo da, eta Iñaki Lekuona, Patri Espinar, Igor Arruti eta Aritz Artadill eta Gorka Izagirre txirrindulari ohia (aurtengo nobedadea) arituko dira zeregin horretan. Bestalde, eta aurreko edizioetan bezala, bikote bakoitzak sagardotegi baten izena hartuko du: Oialume Zar, Aburuza, Bereziartua, Alorrenea eta Petritegi.

Partidak Hernaniko Galarretan jokatuko dira, eta lehiaketa astelehenean hasiko da, honako norgehiagoka hauekin: Urriza-Larrañaga vs Aldabe-Barrenetxea IV eta Segurola-Azpiroz vs Ezkurra II-Juanenea. Txapelketa, urtero bezala, ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da.

Hauek dira aurtengo txapelketan parte hartuko duten bikoteak eta horien kapitainak:

OIALUME ZAR

Kapitaina: Iñaki Lekuona

Erremontistak: Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Barrenetxea IV)

ABURUZA

Kapitaina: Gorka Izagirre

Erremontistak: Imanol Ansa eta Aritz Zubiri

BEREZIARTUA

Kapitaina: Patri Espinar

Erremontistak: Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea

ALORRENEA

Kapitaina: Igor Arruti

Erremontistak: Beñat Segurola eta Xabier Azpiroz

PETRITEGI

Kapitaina: Aritz Altadill

Erremontistak: Javier Urriza eta Iban Larrañaga