Eskamak kentzen
10. atalaren aurrerapena
Birus batek hankaz gora jarriko du 'Eskamak Kentzen'eko kontserbera
A.A. | EiTB
Birusaren ondorioz, xantaia bat ere jasango dute Itziarrek, Nereak eta Malenek.
Birus batek hankaz gora jarriko du "Eskamak Kentzen" telesaileko Il Tre Velieri kontserba-lantegia. Neskak ondoezik jarriko dira eta ikututako arrain guztia bota egin beharko dute. Baina xantaia bat ere izango da tartean.
Nerearen urtebetetzea ospatzeko patata-tortila jango dute kontserba-lantegiko neskek, baina ez da egoera onean egongo eta denak gaixotuko dira. Ondorioz, erabat osatu arte ezingo dute lanik egin eta, gainera, ikutu duten arrain guztia bota beharko dute, egoera txarrean egon daitekeelako.
Baina hori jakin aurretik, Malenek atun lata batzuk salduko dizkio tabernari bati eta, ondorioz, jubilatu autobus osoa gaixotu egingo da. Tabernariak xantaia egingo die Maleni, Itziarri eta Nereari: 3.000 euro ordaindu beharko dizkie, salaketa jartzea nahi ez badute.
Bestetik, Elena oso gaizki pasatzen ari da; ginekologoak ezin duela haurrik izan konfirmatu dio eta. Ondorioz, haurdun gelditzeko tekniken inguruan pentsatzen hasiko da. Baina ados egongo ote da Matias ideia horrekin?
Xolek eta Andresek, aldiz, Ingalaterran bizi den semearen bisita izango dute. Baina ez dator bakarrik, Londresen ezagutu duen neskalagunarekin baizik. Xoleri ez dio batere graziarik egingo, ordea; semea urrun joango dela bizitzera eta galdu egingo duela ikusten baitu.
"Eskamak Kentzen" asteartero ematen da eitb.eus-en eta ETB1en 22:15ak aldera. Eta nahi den unean ikusteko, EiTB Nahieran daude eskuragarri atalak.