Itxi

Ganbarazaleak

Gaur gauean

Gipuzkoako ganbararik handienean barrena, 'Ganbarazaleak' saioan

EITB

Horrez gain, euskal arrantzarekin lotutako elementuen bilduma, eta Baztanen kontrabandoan aritzeko erabiltzen ziren hainbat tresna harrigarri erakutsiko dituzte.

0:28
Ganbarazaleak

Elkarren artean oso ezberdinak diren hiru ganbara bisitatuko dituzte, gaur gauean, 'Ganbarazaleak' saioan Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak: Arizkunen Cesareok sortu duen museo bitxia, Getarian Pellok egindako euskal arrantzarekin lotutako elementuen bilduma eta Gipuzkoako ganbara erraldoiena, Irunen dagoen Gordailua. 22:30ean izango ditugu ikusgai, ETB1en.

Cesareo Soulek museotxo bat ireki du Arizkungo bere etxearen aldamenean. Cesareo lurperatzailea, hargina eta eskultorea da, eta, bere eskulturak ez ezik, urteetan bildutako objektu mordoa du bere museoan. Besteak beste, Baztanen kontrabandoan aritzeko erabiltzen ziren tresna harrigarriak ditu. Gehienak bastoiak dira, barruan edariak, jakiak edo droga ezkutatzeko erabiltzen zirenak. Kontrabandoaz gain, Baztanekin lotura duten oroigarri ugari ditu: 1913an haranean egon ziren uholde izugarrien argazki bilduma; Jesus Maria Leizaola, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida ikasle izan zituen Lekarozko ikastetxearen oroigarri zelebre bat; edota inguruko baserrietatik jasotako arma eta kartutxo bilduma ikusgarria.

Getarian euskal arrantzaren historian murgilduko da 'Ganbarazaleak' saioa, Pello Iribarrek bildutako elementu guztien bitartez. Adibidez, Getariako sardina-saltzaileek antxoak eta sardinak portutik inguruko herrietara eramateko erabiltzen zuten saskia ikusiko dute, 'zinka' izenaz ezagutzen dena. 20 kiloko pisua zuen zinka buru gainean jarri eta oinez joaten ziren Zumaiara, Zarautzera eta baita Zestoara ere, 13 kilometroko bidea eginez. XX. mende hasieran, Italiatik, Siziliatik nagusiki, enpresa-gizon ugari etorri zen Getariara (eta Kantauriko kostaldeko herrietara) antxoen kontserba enpresak sortzera. Horrelako fabrika baten erreplika eder bat ikusiko dute, eta baita Siziliako familia horietako baten partaideetako bat ezagutu ere: Nardin Oliveri.

Irunen, aldiz, Gipuzkoako ganbara handiena bisitatuko dute: Gordailua, 65.000 pieza etnografiko, artistiko eta historiko biltzen dituen biltegi erraldoia. Urkiri Salaberria izango da Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Cigandaren gidaria Gordailuan, eta bere eskutik hainbat altxor ikusiko dituzte: Napoleon III.ak Donostiako hiriari oparitutako bi pitxer handi, 24.000 euroko baliokoak; XX. mende hasierako egurrezko taka-taka bitxi batzuk, eta Elizak bildutako hamarrenak gordetzeko XVI. mendeko kutxa bat, besteak beste. Irungo Porcelanas Bidasoa enpresak Gipuzkoako Diputazioari zorretan ordaindutako 7.000 piezako bilduma ikaragarria ere erakutsiko dute, eta tartean Gordailura iristen diren objektu guztiek pasatu beharreko prozesu interesgarria ere ikusiko dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista