Go!azen
12. atalaren aurrerapena
Segada egingo diote Nikoleri 'Go!azen'en, gaurko atalean
A.A. | EiTB
Nikole izan zen Aneren toplessa erakusten duen argazkia zabaldu zuena, Elik, Naiak eta Anek jakin ahal izan dutenez. Egindakoa aitortzea lortu behar dute orain. Bestetik, Naiak erabaki beharra dauka.
Aurreko atalean argi geratu zen Nikolek zabaldu zuela Aneren argazkia, baina aitortzea lortu behar dute orain, eta, horretarako, segada egingo diote gaur 'Go!azen' telesailaren 12. atalean. Bestetik, Naiak azken aukera izango du Alexen eta Julenen artean erabakitzeko.
Uda osoa eman du Nikolek Aneren laguna zenaren plantak egiten. Hala ere, hanka sartu du noizean behin; modeloen agentziako kontratu baten harira, adibidez, gezurretan harrapatu zuen Anek. Orain, ordea, benetan zabaldu ditu begiak.
Izan ere, bere argazki itsusiak zabaldu zituen troll-a eta toplessean ageri zen argazkia sareetan zabaldu zuena Nikole izan zela jakin du Eliren eta Naiaren laguntzarekin. Orain, egindakoaren aitortza lortzen saiatuko dira, baina lortuko ote dute? Nikole gaiztoa izango da, baina baita bizkorra ere, eta ez da erraza izango segada batean erortzea.
Bien bitartean, Alex badoa. Lan bat onartu du Amsterdamen, eta ikasleak agurtu ditu. Bere asmoa, ordea, Naia berarekin joatea da, eta Jamie Cullumen kontzerturako sarrera oparitu dio. Naia zalantzaz beteta geratu da berriro, baina zirt edo zart egin beharko du.
Horrez gain, Zurik eta Elik Paul eta Amaia elkartzeko ahaleginetan jarraitzen dute, eta hitzordu bat prestatzea bururatuko zaie orain. Ongi irtengo al da oraingoan burutazioa?
Aurreko ataletan, dirua xahutzen aritu da Zuzen: auto berria erosi, bideo-jokoetarako aulki bat erosi... Baina zerbait arraroa dago horren atzean. Tabletean irekitako orri batean ikusi zuen dirua irabazi zuela. Hala ote da?
Ostiralero izaten da ikusgai 'Go!azen' telesailaren atal berri bat eitb.eus-en eta ETB1en, 21:00etan. Aurreko atalak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.



