Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

22:30ean

'Gutarrak Kanpinean' estreinatuko da, gaur gauean, ETB1en

A.A.

EiTB

Txurru gidari dutela, gutarrak kanpinez kanpin ibiliko dira uda osoan Euskal Herrian barrena, gutar berrien bila, erronka eta proba dibertigarriak gainditzeko.

0:39

Uda honetan 'Gutarrak Kanpinean' izango ditugu. Txurru gidari dutela, urtean zehar aski ezagunak egin zaizkigun gutarrak kanpin batera joango dira GTK furgonetan, erronka berrien bila. Gaurtik aurrera, asteazkenero, ETB1eko programazioan izango da 'Gutarrrak Kanpinean'.

Saioa Igeldoko kanpinean aurkeztu du astelehenenean (ekainak 29) ETBk, eta Txurru aurkezleak, Eneko, Enara eta Leire gutarrek, Maite Eskarmendi saioaren zuzendariak, Begoña Atin saioaren produktore eragileak, eta Ainhoa Lodoso ETBko Entretenimenduen Saileko kideak hartu dute parte bertan.

Egoitz Txurruka Txurruk, 'Gu Ta Gutarrak' saioko gutar maitatu eta ezagunenetakoak, egingo ditu gidari eta aurkezle lanak. Gustura eta animatuta ekingo dio eginkizun berriari Txurruk uda osoan, Euskal Herriko kanpinak bisitatuz eta gutarren furgoneta gidatuz.

Gutarren filosofiari jarraituz, gutar talderik jatorrena bilakatzea izango da kanpinlari lehiakideen xede nagusia. 'Gu Ta Gutarrak' saioan bezala, bi talde lehian arituko dira: arrosak eta urdinak. Talde bakoitzean hiru betiko gutar egongo dira, eta hiru gutar berri lortu beharko dituzte erronka nagusiari elkarrekin ekiteko. Bidaia bat izango dute jokoan, eta uda bukaeran jakingo dugu zein talderi egokituko zaion.

Jokoak, adiskidetasuna eta elkarbizitzaren gorabehera guztiak, entretenigarri ugarirekin, uda giroan ikusteko aukera izango dugu ETBk eta New Mediak elkarlanean ekoitziko duten 'Gutarrak Kanpinean' saioan.

Estreinaldian, Gesaltza Añanara

Gutarren lehenengo bisita Gesaltza Añana aldera egingo dute, Nuvillako El Roble Verde kanpinera. Lehenengo saio honetan, zein gutar geratuko diren ikusi ahal izango dugu. Horrez gain, Txurruk Nakor eta Amaia kuxkuxeroen zereginaren garrantzia azalduko du, eta gutarrek inoiz baino gehiago erakutsi beharko dute zein jatorrak diren abenturan abantailak izateko. Hori guztia paraje paregabean gertatuko da: Gesaltza Añanako Gatz Haranean.

Itziar izango da 'Gutarrak Kanpinean' saioko lantaldearen bigarren helmuga, eta ondoren bisitatuko dituzten kanpinak honakoak izango dira: Zumaia, Mundaka, Orio, Gorliz, Etxarri, Baztan, Mendexa, Igeldo eta Lerate.

Gaurtik aurrera, asteazkenero, gutarren udako abenturak, 22:30ean, ETB1en.