Handitzen Handitzen
22:00etan
Euskal Irrati Telebista aztergai, gaur gauean, 'Handitzen, Handitzen' saioan
EITB
Xabat, Maddi, Irati, Irei eta Izar haurrek Zuhaitz Gurrutxagarekin batera telebista eta irratiko txoko guztiak arakatuko dituzte.
Euskal Irrati Telebista barrutik ezagutzeko aukera izango du haur talde batek, gaur, 'Handitzen, Handitzen' saioan. Xabat, Maddi, Irati, Irei eta Izar izango dira Zuhaitz Gurrutxagarekin batera telebistako, eta irratiko txoko eta langile desberdinak deskubritzen ikusiko ditugun haurrak.
Hasteko, Maddik telebista aurkezle edo irrati esatari izateko dituen gaitasunak erakutsiko ditu: Zuhaitzi lehendabizi, eta bere erreferente diren Julen eta Antton Telleria anaiei ondoren. Horretarako, Gaztea irratiko estudiotara joan eta zuzen-zuzenean 'Dida' saioan parte hartuko dute Maddik eta Gurrutxagak.
Albistegietako erredakzioa bisitatuko du Irei txikiak. Bere ustetan, 'Gaur Egun'eko aurkezleen lana honela laburbildu daiteke: etorri, albisteak irakurri eta etxera joan. Yerai Diaz eta Xabier Usabiaga aurkezleen laguntzarekin Zuhaitz ideia hori burutik kentzen saiatuko da eta Ireik 'Gaur Egun'a aurkezteko aukera izango du.
Aramaioko Xabatek famatua izan nahi du. Bere ustez, ezaguna izateak onura besterik ez ditu. 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko Julian Iantzi, ordea, ez da iritzi berberekoa. Bere esperientzian oinarrituz famatua zer den azalduko dio, umorea galdu gabe, Xabati eta Zuhaitzi.
Bestetik, Gurrutxagak telebistako fikzioak erabiltzen dituen 'tranpak' erakutsiko dizkio Galdakaoko Izarri. Besteak beste, 'Goenkale' telesail mitikoa grabatzeko erabiltzen zen gezurrezko kalera eramango du. Izarrek, ordea, ez du 'Goenkale' ezagutzen. Berari 'Go!azen' gustatzen zaio, bereziki, Ainhoa Larrañaga aktorea, 'Go!azen'eko Eli pertsonaia. Telebista kaxa magikoa denez, sorpresa ederra jasoko du gure Izarrek.
Azkenik, Andoni Aizpuruk eguraldia nola grabatzen duen ikusteko aukera izango du Iratik. Bere bi aitonek beti ikusten dute 'Eguraldia', bata arrantzara joateko eta bestea baratzean aritzeko. Omenaldi txiki bat egingo diete Iratik, Andonik eta Zuhaitzek bi gizonei.
'Handitzen, Handitzen' saioaren denboraldiko azken atala, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.