Herri People
23:15ean, ETB1en
Lau emakume gaurko 'Herri People' saioaren protagonistak
EITB
Arrigorriagan, Gasteizen, Errenterian eta Amezketan egongo da Ibon Gaztañazpi.
Gaurko 'Herri People' saioan, lau emakume izango dira protagonista. Arrigorriagan, Ixa Rodriguez boxeolariarekin egongo da Ibon Gaztañazpi. Euskadiko txapelketa jokatzeko bost egunen faltan harrapatuko du entrenamenduak egiten. Arrigorriagako kaleetan korrika-saioa egiten duten bitartean kontatuko ditu bere nondik norakoak.
Gasteizen, flamenkoarengatik punka utzi zuen artista ezagutuko du Ibonek: Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzaria. Punk talde bateko bateria-jotzaille ohi honek gaztetxe batean ezagutu omen zuen flamenkoa. Haren 'magiak' sorginduta, dena utzi eta Granadara joan zen flamenkoa ikastera. Egun, emanaldiak egiten ditu Euskal Herrian eta Espainian zehar. Azken ikuskizunak Berriketan izena du, eta txalaparta eta flamenkoa uztartzen ditu.
Errenterian, Estefania Beneyto Fanny eta Unai Nieva Norzzone rap kantariekin izango da Ibon Gaztañazpi: NizuriTazuneri bikotea osatzen dute. Rapa euskaraz kantatzen dute Fannyk eta Norzzonek, euskara munduratzeko eta hala sentitzen dutelako. Egunerokoak eta kaleko kontuak jasotzen dituzte euren abestietan; langabezia, drogak, boterea, ustelkeria... Horren adibide, Iboni kantatutakoak.
Maite Gurrutxaga ilustratzailea da. 2014an Euskadi Literatura Saria jaso zuen, Literatura Lanaren Ilustrazioa alorrean, Habiak komikiagatik. Besteak beste, Sarrionandia, Igerabide, Linazasoro eta Mariasun Landaren liburuak ilustratu ditu. Amezketan, Txindokiren magalean egingo dute hitzordua harekin, han aurkitzen baitu inspirazioa. Zirriborro koadernoa eta arkatza eskuan hartuta, unean unekoak sentiarazten diona marraztuko du. Horrez gain, haren estudioan ere izango da Ibon Gaztañazpirekin.
'Herri People' gaur, 23:15etik aurrera, ETB1en.