Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Lekunberri bisitatuko dute gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi'n
EITB
Nafarroako herri txiki honetako biztanleekin arituko dira Zuhaitz eta Pagadi, herriko ohiturak eta bizimodua gertutik ezagutzeko.
Nafarroara egingo dute txangoa Pagadik eta Zuhaitzek gaur, Lekunberri herrira. Pagadik ogia banatzen ekingo dio egunari. Klausurako monjei ogia eramango die Lekunberriko okin gazteari lagunduz. Ondoren, herriko udaletxeko usategi zaharrean lokala duen Aralar Irratira hurbilduko da bertako esataria ezagutzera, eta baita irrati horretan kolaboratzaile lanetan dabilen emakume bat, grazia duena. Harekin kalera atera eta eliza atarira eramango du Pagadi otoitz berezi bat egitera. Bere etxearen ondoko lursailean hegazti piloa zaintzen dituen emakume bat ere ezagutuko du Pagadik. Antzarrak, oiloak, usoak eta txori exotikoak maitasun handiz zaintzen ditu emakume honek, eta haien inguruko hainbat anekdota barregarri kontatuko dizkio. Harekin batera, herriko kiroldegira joango da bere gimnasia taldeko lagunekin ariketak egitera.
Zuhaitzek egunero herriko kale batean atzera eta aurrera pasioan ibiltzen den 90 urteko gizon batekin solasean hasiko du eguna, eta ondoren, Lekunberriko zuhaitzetatik ibiliko da abentura parke batean. Estatu osoko txokoetatik todoterrenoak jaso eta mendian ibiltzeko prestatzen dituzten tailer bateko nagusiarekin ere egongo da. Harekin, todoterreno bat ziztu bizian probatzera joango da pista batera. Lekunberriko bikote alai eta irrifartsu batekin kafetxoa hartuko du haien ezkontzako istorio bitxia ezagutzen duen bitartean. Eguna amaitzeko, Dominikar Errepublikan emaztea duen eta urtero bertara 3 hilabete pasatzera joaten den lekunberritar batekin egongo da.
'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en.
p>