Itxi

telebista

ETB1en

Kanpezun izango da, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi'

A.H. | EITB

Kanpezu udalerria osatzen duten bost herritxoak ezagutuko dituzte Zuhaitzek eta Pagadik: Santikurutze Kanpezu, Oteo, Orbiso, Bujanda eta Antoñana.

0:21

Arabara egingo dute txangoa Pagadik eta Zuhaitzek gaur. Arabako hegoaldean dagoen Kanpezu udalerria eta berau osatzen duten bost herritxoak ezagutzera gerturatuko dira: Santikurutze Kanpezu, Oteo, Orbiso, Bujanda eta Antoñana.

Pagadik Santikurutzeko herrigunean kokatuta dagoen apaingarriz betetako etxe handi bat bisitatuko du. Etxeko jabeak, bertan gordetzen dituen hainbat objektu bitxiren berri emango dio. Ondoren, Santikurutzen bertan, hango inauterietan kalera atera eta, ondoren, Ega ibaira jaurtitzen duten lastozko panpinaren istorioa ezagutuko du. Ibernaloko ermitan aurkikuntza deigarria egingo du. Pole Dance dantza estiloa ikasten ari den neska-mutil talde bat topatuko du ermitaren gaineko solairuan. Sei mila oilo dituen etxalde bateko jabea ere ezagutuko du, eta oilo horiekin guztiekin une ahaztezina igaroko du; oiloek eguneko argia lehen aldiz ikusten duten unea, hain zuzen. Egunaren amaieran, Turron eta Sua izena duten asto eta txakur bat ezagutuko ditu, baita haien jabea ere. Trufak bilatzera joango dira mendi aldera.

Zuhaitzek goizeko kafetxoa hartzen harrapatuko ditu Santikurutzeko euskara ikasleak herriguneko tabernatxoan. Euskara ondo ikasteko egiten ari diren lanaz eta dituzten ametsez hitz egingo diote Zuhaitzi. Handik, Kanpezu osatzen duten beste lau herritxoak ezagutzera joango da Zuhaitz. Antoñanan, bertako harresian etxea duen neska bat ezagutuko du. Orbison, 50 biztanle dituen herritxoan, hiru seme-alaba dituen bikote gazte batekin solastatuko da, eta, ondoren, hiru umeen bila joango dira autobus geltokira, ikastolatik bueltan. Bujanda herritxora ere joango da. 15 biztanle besterik ez du Bujandak, baina herritarren artean auzolana antolatzen dute urtean bi aldiz. Bestalde, herritxo horretako elizan dago San Faustoren gorpu momifikatua, eta berau ikustera joango da Zuhaitz. 12 biztanle dituen Oteo herrixkan amaituko du bere txangoa. Frontoian dagoen ate misteriotsu batetik sartu eta ustekabeko tokian agertuko da.

'Herri txiki, Infernu Handi' gaur da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en.