Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Orozkon izango da gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.H.| EITB
Pagadik eta Zuhaitzek Bizkaiko Orozko herria ezagutuko dute gertutik, eta bertako biztanleekin arituko dira solasean.
Bizkaiko Orozko herrira egingo dute txangoa Pagadik eta Zuhaitzek gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Herri zabala da Orozko, eta auzo piloa du. Auzo kopuru zehatza jakiten saiatuko da Pagadi programan zehar, tokian-tokian topatzen dituen pertsonei galdetuz. Baina bere txangoa mendian hasiko du, Orozkoko kirikiñausien jatorria ezagutuz. XVIII mendean, gaztainak izan ziren Orozkoko ekonomiaren sostengu, eta gaztainak urte osoan gorde eta kontserbatzeko, harrizko eraikuntza biribilak eraiki zituzten mendian. Eraikin horiei kirikiñausiak deitzen dira.
Menditik herrigunera jaitsiko da, eta han, taberna bateko terraza batean eserita, bi orozkoar topatuko ditu besoan arrano bana dutela. Mahasti batetik datozen zarata arraroak erakarrita, hots horien jatorria inbestigatzera hurbilduko da Pagadi, eta mahastiko jabeak, hots horien jatorria deskubrituko dio. Etxean zintzilik 600 orein adar baino gehiago dituen gizon jator bat ezagutuko du ondoren, eta amaitzeko, Euskal Herriko marmitako txapeldunekin jatordu goxoa egingo du herriko elkarte batean.
Zuhaitzek abeltzain elegante bat ezagutuko du herrira iritsi bezain laster. Sonbreroa eta amerikana jantzita joaten da beti, eta harekin solasaldi polita izango du bere txabolatxoan. San Sebasti ermitara hurbilduko da gero. Ermitako sakristian beti egoten da hamaiketako goxoa egiteko txorixoa eta ardoa, eta bertako istorioa kontatuko dio orozkoar jator batek.
Albiorreta auzora joango da ondoren, beste ermita batera, San Isidroko ermitara. Bertako auzokideek usadio bitxi eta zaharra dute elizako gastuak ordaindu ahal izateko. Mezaren ondoren, hilean behin, janari-saski baten zozketa egiten dute. Zozketa egiteko, karta barajak erabiltzen dituzte, baina oso sistema konplikatua du. Zozketa horren lekuko izango da Zuhaitz.
Gorbeiako azken artzaina eta bere emaztea ezagutuko du ondoren. Artzainari El Rubio deitzen diote eta ezaguna da oso inguruan. Artzainak, Itxinako zelaietara eramaten ditu ardiak udaberriro baina 80 urte bizkarrean izanik, orain ez da horren maiz haraino joaten. Zugarramurditik Orozkora ezkondu zen amona batekin amodio kontuez hitz egiten amaituko du Zuhaitzek bere etxeko sukaldean.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da 22:00etatik aurrera eitb.eus-en eta ETB1en.
/p>