Herri txiki, Infernu Handi
ETB1en
Sunbillan izago da, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa
A.E.|EiTB
Nafarroako Malerreka eskualdera joko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aste honetan.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Nafarroako Malerreka eskualdera joko dute gaur Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, Sunbilla herria ezagutzera. Bidasoa ibai ertzeko herri txiki hau, izaeraz, nekazal herria da, baina azken urteotan dezente ugaritu da turisten joan etorria. Izan ere, paraje zoragarrian kokaturik dago Sunbilla.
Pagadik jende berezia ezagutuko du bertan: Jose Inazio argazkilaria, adibidez. Jose Inaziok Sunbillako bide berdean dabiltzan txirrindulariei argazkiak ateratzen pasatzen du eguna. Borondaterik onenez eta jendea ezagutzeko asmoz egiten duen arren, afizio berezi honek egoera xelebre ugari sorrarazi dizkio Jose Inaziori. Hori bai, txirrindularirik pasatzen ez denerako, prest izaten ditu gitarra eta armonika, musikazale amorratua baita Jose Inazio. Bi gurpilen gainean jende asko ibili arren, auto-saltegi batera egindako bisitan ohartuko da Pagadi, Sunbilla 4x4 ibilgailuen 'hiriburua' dela.
Hala ere, Sunbillaren enbaxadorerik onenak, urte askoan Ameriketan ibilitako artzainak dira. Jexux Mari, esate baterako. Arizonan artzain ibilitako sunbildar hau, lur-azpian babarrunak prestatzen harrapatuko du Pagadik. Hamaiketakoa egin bitartean, bere familiaren historia hunkigarria kontatuko dio. Pagadik Fermin ere ezagutuko du, urte askoan Ameriketan bizimodua atera zuen beste artzain bat. Ferminek, High-ball edariaren sekretua erakusteaz gain, duela urte asko alde egin zuten artzain amerikanoen festa batera gonbidatuko du Pagadi. Topa eginez, western batetik ateratakoak diruditen istorio harrigarriak entzungo ditu bertan.
Zuhaitzek Sunbillaren beste alderdia ezagutuko du emakumeen ikuspegitik. Lehenik eta behin, Maribelen dendan egingo ditu erosketak. Herriko saltoki ezagun honetako 3. belaunaldia da Maribel, eta herria ezagutzen hasteko aitzakia bikaina izango da Zuhaitzentzat. Sunbillako eraikin koloretsuenei 'Partxis' etxeak deitzen diete, eta bertan topatuko da Iciarrekin. Margolari profesional honek, bere estudioko ateak zabaltzeaz gain, bizitzak emandako kolpe bat nola gainditu zuen kontatuko dio. Partxisa esanda, mahai-joko ezagun honetan jolasten orduak eta orduak ematen dituzten hiru emakume ezagutuko ditu Zuhaitzek, eta beraien ahotik entzungo ditu herriko txutxumutxu eta pasadizo barregarrienak. Partxisean tranparik handienak herriko apaizak egiten dituela, adibidez.
Eguna amaitzeko, Francisca ezagutuko du, 91 urteko dituen emakume argi eta umoretsua. Francisca ez da geldirik egoten, eta horretarako gailu teknologikoz inguratuta bizi da: gurpildun aulkian mugitzen da, goiko solairura iristeko igogailu berezi bat dauka eta telebista ikusi bitartean, kilometroak egiten ditu bizikleta estatikoan.
Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.
/p>