Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Berriz, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Berrizko auzokideen bitxikeriak eta istorioak jasoko dituzte.
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Bizkaira joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi: Berrizera, hain zuzen ere.
Rodolfo izango da Pagadik ezagutuko duen lehen protagonista eta berak istorio berezi baten berri emango dio: Eduardo Urzelai berriztarrak Mary izeneko elefantea Berrizko probalekura ekarri zuen, idi pare baten aurkako desafioa egiteko. Ondoren, Mari Tere ezagutuko du, eta hark berriztarrei herriko jaietan ematen dien edari magikoaren osagaiak zein diren asmatzen saiatuko da Pagadi, baina kostako zaio, Mari Terek isilpean jasoak baititu osagaiak. Rafa izango da ezagutuko duen hurrengo bizilaguna, eta Pagadi seko harrituta geratuko da haren bizikleta modernoarekin. Mari Tereren osagai sekretuen bila ibiliko da Berrizko kaleetan barrena, eta Lazarorekin egingo du topo, Mari Terek gutun-azal itxi batean eman baitzion edari magikoaren errezeta. Lazarorekin udaletxera joango da, gutun-azala bertan jasota dagoen jakiteko, berak jaso baitzuen udaletxeko artxiboetan.
Zuhaitzek, bere aldetik, Dana Moya kubatarra ezagutzeko aukera izango du. Danak argal egoteko sekretuak erakutsiko dizkio, eta Kubako doinuak abesten bukatuko dute. Handik atera, eta baserri aldera joango da, Andikoa auzora. Bittorirekin egingo du topo, eta Andikoako ur miraritsua eskainiko dio. Jarraian, Mari Angeles ezagutuko du; hark erretiro on bat izateko hainbat erremedio erakutsiko ditu; horrez gain, osasuntsu egoteko tortilla goxo bat prestatuko dute. Hilario Alkortarekin amaituko du bisita. Zuhaitz txundituta geratuko da 94 urterekin duen energiarekin eta bizipoza izateko bere sekretuekin.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.