Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:15ean

Aldudeko ibarrera egingo dute bisita gaur Zuhaitzek eta Pagadik

EiTB

Aldude, Banka eta Urepele herriek osatzen duten Nafarroa Behereko eskualdean izango da "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa.

0:30
Igande honetan, 'Herri txiki, infernu handi' Alduden izango da.

Gaur gaua oso mamitsu dator, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren atal berri bati esker. Aspaldiko partez, aurkezle bikoteak Nafarroa Beherea izango du jopuntuan. Hain justu ere, Aldudeko ibarrera joango dira, ibarra osatzen duten hiru herriak ezagutzeko asmotan: Aldude, Banka eta Urepele. 

Betiko legez, Pagadik historiari buruzko jakin-mina asetze aldera, Pantxo Hirigaray aldudarrarengana joko du. Hiru herrien armarriak aztertuko dituzte banan-banan, eta, bide batez, kondairarik bitxienak errepasatuko dituzte. Segidan, Aldude herriaren izena ospetsu egin duen gizona ezagutuko du villabonatarrak: Pierre Oteiza. Gosari baten laguntzaz, Aldudeko enpresariak azalduko dio bizpahiru txerrirekin hasi zuen negozioa nola iritsi den mundu zabalean arrakasta izatera. 

Alduderi gustua hartuta, joan aurretik, Pagadik beste bisitatxo bat egiteko baliatuko du tartea. Joxe Mari izeneko baztandar bat ezagutuko du, eta, nola ez, akordeoia joko dio aparteko abileziaz. Txangoa amaitze aldera, Urepelerako bidea hartuko du Pagadik, eta muga pasatuko du. Mizel artzainari esker, Kintoa izeneko oihanaldea ezagutuko du. Kasu bitxia da Mizelena, Urepelen eta Nafarroan bizi baita, aldi berean. Administratiboki Nafarroari dagozkion lurretan bizi da, baina, sentimenduz, Urepeleko herriarekin lotura hertsia du. 

Zuhaitzek ere ez du izango abentura makala, ez horixe. Lehenik, Urepeleko Christian eta Alicia aita-alabak ezagutuko ditu. Laborariak dira biak, eta batera lan egiteak dakartzan ondorioak azalduko dizkiote Zuhaitzi, etengabeko zirika batean. Urepele aipatuta, nahigabe Xalbadorren izena datorkigu burura. Bada, Xalbador zenaren bi seme ezagutzeko aukera izango du elgoibartarrak: Mixel eta Daniel Aire. Fernando aita egoten zen sukaldean elkartuko dira hirurak, eta Xalbadorri lotutako pasadizo harrigarriak izango dituzte mintzagai. Urepeletik Aldudera joango da gero Zuhaitz, Andre Arambel harginarekin egoteko. Aldudarrak bere ohitura xelebreak kontatuko ditu: adibidez, egunean behin whiskia edatea, barrenak garbitzeko. Ezin, bada, Bankara joan gabe gelditu, eta Zuhaitzek Xan Leonen belardira joateko aprobetxatuko du bidaia. Xan Leonek aparteko zeregin bat du Bankako herrian: satorrak ateratzea. Aurkezleari sekretu guztiak irakatsiko dizkio. 

Bakarrizketa saioari dagokionez, oraingo honetan ez da herritar guztien aurrean egingo, koronabirusa dela eta. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak etxetik egingo dute ohiko txiste sorta. 

Atal bakar batean, hiru herri izango dira gaur protagonista, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15ean hasita.