Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Pasai San Pedro, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB

Zuhaitzek eta Pagadik Pasaiako San Pedro barrutia bisitatuko dute igande honetan bertako bizilagunen eskutik.

0:27
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga

Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatutako "Herri Txiki Infernu Handi" saioa Pasai San Pedron izango da gaur gauean.

Trintxerpe eta San Pedro arteko mugan aurkituko du Pagadik Iker Etxarri, eta berak emango dio Pasaiako lau barrutien azalpena. Trintxerpe eta San Pedroren artean pikea omen dago, eta bata bestearengandik oso gertu dauden arren, Ikerrek argi aldarrikatuko du San Pedrotar peto-petoa dela. Ondoren, portu inguruan, Aitor Edroso 'Darwin'ekin egingo du topo eta batelean itsasoratuko dira biak. Biak arraunean, itsas giroan erabiltzen diren hitzak ikasi eta garagardo banarekin bukatuko dute txangoa. Itsasaldetik, herrirantz abiatu eta harmonikaren hotsari jarraika, Jose Inazio Muruaren etxera iritsiko da Mikel. Jose Inaziok aho-soinu ugari ditu eta baita errepertorio anitza ere. Pagadik panderoarekin girotuko ditu Jose Inazioren doinuak. Azkenik, Pasai San Pedroko jostailu denda ezagutuko du. Asier Enbil da bertako jabea. Iturgintzako lokal bat du, baina herriko umeek haien jostailu guztiak bertan uzten dituztenez, lantokia jostailu denda bilakatu zaio. Horretaz gain, Asgarth musika taldeko abeslaria da eta abestu baino lehen, badu ahotsa goxatzeko jaten duen zerbait: txokolatea.

Zuhaitzek, aldiz, Joxekruz eta Marijoserekin hasiko du eguna. Biak ala biak estropada zale amorratuak dira, baina ez pentsa kamiseta partekatzen dutenik: Joxekruz Orioren alde, beti horiz, eta Marijose, aldiz, beti morez, San Pedroren alde. Arraunarekin jarraituz, Ion Sisniagak Aita Manuelen berri emango dio; Kontxako bandera gehien irabazi zituen patroia. Ionek berak ere baditu irabaziak Kontxako lau bat bandera beraz, arrauna gertutik bizitakoa da. Ondoren, Gurutzerekin egingo du topo eta hark bere etxera gonbidatuko du. Gurutze realzalea da eta partida guztiak talde txuri-urdinaren bufanda eta jaka jantzita ikusten ditu. 78 urte ditu, baina sasoian dago, baliteke eguerdiro egiten duen hamaiketakoa izatea sekretua. Azkenik, Zuhaitzek Franciscoren kuttunak ezagutuko ditu: bere erlojuak. 16 urte zituela lehenengoa erosi zuen, eta egun, 70 bat erloju ditu.

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa igandetan izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.