Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Urretxu, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB Media

Zuhaitzek eta Pagadik Urola Garaiko Urretxu herria ezagutuko dute.

0:32
Mikel Pagadi

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik Urola Garaiko Urretxu herria ezagutuko dute, gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, bertoko auzokideen eskutik.

Asier Oliveira da Pagadik Urretxuko kaleetan topatuko duen lehen pertsona; Urretxun bizi den zumarragar gaztea. Bi udalerrien arteko mugan ariko dira hizketan, Urola ibai gaineko zubian hain justu, alde batekoen eta bestekoen arteko pike historikoaz. Nadia Reghif ere ezagutuko du Villabonako aurkezleak. Nadiaren gurasoak Marokotik etorri ziren Euskal Herrira. Nadia bertan jaio zen eta Gipuzkoan barrena herri ezberdinetan bizi eta gero, Urretxun osatu du familia. Pagadi etxera gonbidatuko du eta arabiar ohiturekin gozatu ederra hartuko dute. Eguneko hirugarrena ez da nolanahikoa izango: Iñaki Akizu parrokoa. Abadeak Tourseko San Martin elizako kanpandorrera gonbidatuko du Pagadi, bertan bizi den hontz zuri bikotea ezagutzera. Bisita borobiltzeko, Urretxuko erraldoi eta buruhandien konpartsako Aimar Elgarretarekin izango da. Iparragirre dantzan jarriko dute eta, primizian, orain arte kalera irten ez den erraldoi berri bati ere emango diote bizitza: Angela Kerejeta (Iparragirreren emaztea izan zena).

Zuhaitzek, bestalde, Egoitz Txikirekin egingo du gosaria, gazteak egunero egiten duen legez. Indarrak berrituta, patinete elektrikoa hartu eta banaketa-lanetan jardungo dira. Eta gurpil gainetik altueretara. Gaizka Oiartzabalek lan bertikaletarako enpresa bat du, eta Elgoibarko aurkezlea hartuko du apopilo herriko 'raskazielosa' bezala ezaguna den eraikineko leihoak garbitzeko. Hirugarrenik, Jesus Mendizabal ezagutuko du Zuhaitzek. 93 urteko alargunak Canal Andalucian Juan Y Medioren programa ikusten pasatzen ditu arratsaldeak. Bikote berriak nola eratzen diren komentatzen ibiliko dira, eta soldadutza garaiko kontuak ere ekarriko ditu gogora Jesusek. Ixiar Sasietarekin batera errezuka emango dio amaiera egunari Zuhaitzek. 15 anai-arrebatan azken-aurrenekoa da Ixiar, eta baserrian 19 senide bizi ziren garai hartatik gaurdaino gorde duen ohitura da gauero-gauero Santa Barbarari, Arantzazuko Amari eta Purgatorioko arimei otoitz egitea.

"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.