Herri txiki, Infernu Handi
22:15ean
Deierri, gaur gauean "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EITB Media
Zuhaitzek eta Pagadik Nafarroako udalerria bisitatuko dute. Juan, Eneko, Egoi, Maite, Urko, Xabi eta Txari ezagutuko dituzte bertan.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioan Nafarroako Deierri bisitatuko dute gaur Zuhaitzek eta Pagadik. 19 kontzejuk osatutako udalerria da eta XIX. mendearen erdialdean fusionatu ziren, baita Abartzuza eta Lezaun ere. Gerora, baina, Deierritik atera ziren, eta gaur egun Aritzala da udaleko burua. Muru, Zurukuain, Errezu, Eraul, Bearin eta Allotz bisitatuko dituzte aste honetako saioan.
Pagadik zaldi gainean doala aurkituko du Juan Murun. Bertako azken biztanleetakoa da Juan, eta herriaren historiari buruz hitz egingo dio. Enekorekin, berriz, Zurukuainen topatuko da. Bertakoei "zirrikito" deitzen diete, oso gautxoriak omen direlako; ajeari aurre egiteko irtenbidea dauka Enekok, eta horren berri emango dio. Egoik, bestalde, hanburgeseria dauka Errezun, eta Pagadik bere espezialitateak probatuko ditu. Azkenik, Maitek Erauli buruz hitz egingo dio Pagadiri, eta bertan dagoen 500 urteko arteari buruz.
Zuhaitzek, bestalde, Urko topatuko du Bearinen. Bertakoei "alkanadreak" deitzen diete, eta Urkok badaki zergatik. Herriko ermitan eskalada egiten du, eta Zuhaitzi nola egiten duen erakutsiko dio. Ondoren, Xabirekin batera, Allotzeko urtegia ezagutuko du gure aurkezleak. Bukatzeko, Xabik eta bere bikote Txarik daukaten denda ezagutuko du Zuhaitzek. Goizetan eztia oinarri duten produktuak saltzen dituzte, eta arratsaldetan Txarik yoga klaseak ematen ditu. Bertan dituen instrumentu bereziekin masaje bat ere emango dio.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango dugu ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.