Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Gaur iluntzean

Durangoko Bertso-Korrika, gaur 'Hitzetik Hortzera' saioan

N.G.

Erredakzioa

Villabonako saio musikatuko irudiak ere eskainiko ditu Jon Artanok gidatzen duen saioak. Eta Joseba Otaegi aizkolariari egindako elkarrizketa ere ikusi ahal izango dugu.

  • Durango Bertso Korrika

    Durangoko Bertso-Korrika

Korrika 2013 euskal errepideetan barrena dabilenez, Durangoko Bertso-Korrika izango dute hizpide gaur 'Hitzetik Hortzera'n. Jon Artanok zuzendu eta gidatzen duen saioan Villabonako saio musikatuko irudiak ere ikusi ahal izango dira eta Joseba Otaegi aizkolariari egindako elkarrizketa ikusi ahal izango dugu.

Duela egun batzuk egin zuten Durangon Bertso-Korrika, Korrika 2013ko ekitaldien barruan. Eneko Abasolo Abarkas aritu zen gai-jartzen Plateruena. Eta bere aginduetara kantatu zuten Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek.

Bizkaitik Gipuzkoara salto eginez, Villabona aldean ere ibiliko da Jon Artano buru duen saioa. Alaitz Usabiaga eta Oier Larrañaga villabonatarrek jarri zuten lekua han: Erreka ostatua. Eneko Sierrak saxoa eraman zuen, Ixak Arrutik gitarra, Amaia Agirrek gaiak; eta Alaia Martinek, Jokin Labayenek, Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik bertsotarako gogoa. Festa mundiala prestatu zuten tabernan bildu ziren dozenaka lagunentzat, berotasuna kanpoko elur-giroaren kontrastean.

Erreka ostatura jaitsi aurretik, ordea, Arizmendi baserriko mandioan hasiko du programako ibilia Jon Artanok. Joseba Otaegik Antonio Senosiainekin apustua jokatuko du apirilaren 21ean Tolosako zezen plazan eta gogor ari da prestatzen erronkarako. Entrenamenduari begirik kendu gabe egon da Artano eta gero Otaegirekin sartu da beheko suaren epelera, Zizurkilgoaren bertsolari garaietako istorioak aditu eta, familia guztiarekin batera bazkari ederra egiteko.

Ostiral iluntzeetan, 21:00etan izan ohi da bertsozale guztiekin zita "Hitzetik Hortzera"n, iluntzeko "Gaur Egun"en eta "Eguraldia"ren ondoren.