Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Gaur

Xilabaren errepasoa egingo du, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioak

A.E.|EiTB

Aiziritzen eta Larresoron jokatutako finalerdietako ale onenak izango dira ikusgai igande honetan. Eta Mattin Treku bertsolaria izango da aste honetako historikoaren protagonista.

Azkeneko txanpan sartua da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa. Hilaren 12an Baionako Laugan jokatuko den finaleko seikotea erabakita dago jada: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua. Aste honetako 'Hitzetik Hortzera'n motorrak berotzen hasiko dira, finalerdietako bertsoaldi onenak ekarriko baitituzte telebista pantailetara.

Aste honetako saioan sei finalistekin ariko dira hizketan, eta txapelketan orain arte egindakoa aztertzeaz gain, finalera begira dituzten sentsazioen berri ere emango dute.

Aiziritze eta Larresoroko bertsoaldiak

Urriaren 22an eta 29an jokatu ziren finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioak. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nahia Sasco, Maddi Sarasua eta Egoitz Zelaia aritu ziren Aiziritzen eta Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua, Aitor Servier eta Ramuntxo Christy Larresoron. Bi saioetako bertsoaldi onenak eskainiko dituzte aste honetako 'Hitzetik Hortzera'n.

Mattin Trekuren historikoa

Mattin Treku (1916-1981) bertsolari ahetzearra omenduko dute aurtengo Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan. Bertsolari maitatua izan zen, eta umorerako joera berezia bazuen ere, une hunkigarriak ere izan zituen oholtzan. Behin, bertso-saio batean atzerrian zuen semeari hiru bertso kantatu eta negarra irten zitzaion. Laguna hala ikusita, bertso-sorta bat idatzi zion Fernando Aire Xalbador (1920-1976) urepeldarrak. Pasarte hori gogora ekarriko dute aste honetan.

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta EiTB Nahieran-en.