Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Nazioarteko Inprobisatzaileen Birari buruz, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Bertsolaritzak bestelako kantu inprobisatuekin duen harremanaz arituko dira Argentinako Araceli Argüello payadorearekin eta Kubako Tomasita Quiala repentistarekin.

0:25

Gaurko 'Hitzetik Hortzera' saioan bertsolaritza ez ezik 'Payada' eta 'Punto' kubatarra ere izango dira protagonista. Bertsolaritzak bestelako kantu inprobisatuekin duen harremana ez da hain aspaldikoa, eta gaur bi adibideren berri emango dute. Oraingoan, Argentinako Araceli Argüello payadorearekin eta Kubako Tomasita Quiala repentistarekin egin dute trukea Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran.

Tomasita Quiala repentista kubatarra da, Madruga eskualdekoa. Gaur egun repentismoaren erreferente nagusienetakoa da, eta horretan aritzen da profesionalki. Quiala bereziki umoretsua eta adar-jotzailea da, eta hori ikusteko aukera izango da igandeko programan. Besteak beste, Kuban repentismoaren egoeraz eta duen oihartzunaz galdetuko dio Eider Perez aurkezleak.

Araceli Argüello payadorea Pozo del Monte herrikoa da, Argentinako Córdoba probintziakoa. Araceli lehen aldiz etorri da Euskal Herrira, eta bizitakoari buruz galdetuko diote. Gainera, payadorea izateko grina nondik datorkion jakingo dugu, eta hasierako uneak nolakoak izan ziren azalduko du.

Urriaren 9an Iruñeko Zentral aretoan eman zitzaion hasiera Inprobisatzaileen Nazioarteko Birari. Araceli Argüello eta Tomasita Quialarekin batera aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak. Gai-jartzaile lanak Iker Iriartek egin zituen. Urriaren 14an, aldiz, Donostian egin zen bira amaierako emanaldia, Antzoki Zaharrean. Han, Julio Soto, Amets Arzallus eta Jone Uria bertsolariak izan ziren, eta Saroi Jauregi, gaiak jartzen.

Hori dena, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EiTB Nahieran atarian.