Hitzetik hortzera
ETB1en
Bertsoaroa, Iruñeko bosgarren urtaroa, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Nafarroako hiriburuan antolatzen den egitasmoaren inguruan arituko dira lehen hazia erein zutenekin eta aurtengo saioetako bertsoaldiak ere bilduko dituzte.
-
Eider Perez,'Hitzetik Hortzera' saioaren aurkezlea
Duela 28 urtez geroztik Iruñean egiten den Bertsoaroa izango dute hizpide nagusi aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan. Hainbat ekimen antolatzen dira bere baitan azaro osoan zehar: hitzaldiak, antzerkiak eta, noski, bertso saioak. Adin guztietako bertsozaleentzako egitarau bete-betea antolatzen da.
Bertsoaroaren lehen hazia erein zuten bi lagunekin elkartuko da Eider Perez: Lontxo Aburuza, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea 1983tik 1996ra arte, eta Iñaki Azkona, Iruñeko Udaleko kultur teknikaria. Hastapenak nolakoak izan ziren eta Bertsoaroak Iruñeari eta Nafarroako bertso-mugimenduari zer eman dien azalduko dute.
Urteroko lana bertso-eskolan
Bertsoaroan bakarrik ez, gainontzeko hilabeteetan ere presente dago bertsoa Nafarroako hiriburuan; eta bertso eskolek lan handia egiten dute zentzu horretan. Aste honetako 'Hitzetik Hortzera'n Nafarroako Bertsozale Elkartean egiten duten bertso eskolan sartuko dira. Horrelako talde baten partaide sentitzearen esanahiari buruz galdetuko diete. Horrez gain, Nafarroako bertsogintza nola ikusten duten jakingo dute eta puntukako saio bat ere eskainiko dute.
Igandeko programara Bertsoaroaren baitan antolatu diren bi saioetako bertsoaldiak ekarriko dituzte. Lehenengoa azaroaren 8an egin zen eta kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze, Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Sustrai Colina. Gai jartzaile lanak Alaitz Rekondok egin zituen. Bigarrena azaroaren 20an izan zen, eta Ane Zuazubiskar, Idoia Granizo, Joanes Illaregi, Sarai Robles, Txaber Altube eta Xabat Illarregi aritu ziren kantuan, Ainhoa Arozenak gidatuta.
15:00etan izango da ikusgai 'Hitzetik Hortzera' ETB1en eta eitb.eus-en, eta ondoren EiTB Nahieranen.