Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
Bertsolarien kantaera, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Bertsoen kantaerari arreta berezia jartzen dion Eñaut Agirrerekin elkartuko dira Zaldibian. Legutioko eta Getariako jaialdietako bertsoaldiak ere eskainiko dituzte.
Bertsolaritza hitzaren jolasa dela esan ohi da, baina ez da hitza bakarrik: kantua ere bada. Non igo, non jaitsi, noiz mantsotu, noiz bizkortu jakiteak hitzari urrunago eta seguruago iristen lagun diezaioke. Bakoitzak bere ahotsa, bakoitzak bere kantaera. Bertsolariak bereizten ditu horrek eta saioak aberastu. Igandeko 'Hitzetik Hortzera'n Zaldibiara joango dira eta bertan bertsoen kantaerari arreta berezia jartzen dion lagun batekin elkartuko dira: Eñaut Agirre.
Bertso zaharrak berreskuratu eta emanaldi musikatuak eskaini izan ditu Eñautek. Bertsoen kantaera zer den galdetuko dio Eider Perezek. Erreparatzen al diote bertsolariek kantaerari? Edo hitzari ematen diote pisurik handiena? Urteek aurrera egin ahala bertsolarien kantaera aldatu den ala ez jakingo dute.
Legutio eta Getariako bertsoaldiak
Legutioko kultur etxean izan zen urte hasierako bertso saioa. Kantuan aritu ziren Julio Soto, Maddalen Arzallus, Manex Agirre eta Oihana Bartra; gai jartzaile lanak Maialen Kortabarriak egin zituen. Getarian, aldiz, Balentziaga museoan izan zen bertso jaialdia. Oholtzara igo ziren Aimar Karrika, Alaia Martin, Amets Arzallus, Danel Olano, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga; gai jartzaile lanak Ane Ezenarrok egin zituen.
Hori dena gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.