Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

21:00etan

"Zapia, entzulearen miresmenaren ikur gisa", gaur gauean, "Hitzetik Hortzera"n

EITB

Zaldibiak garaipenaren sinbolo berri bat ekarri du bertsolaritzara: zapia. Duela lau urte antolatu zuten lehenengo Zapi Janztea, eta dagoeneko finkatu da bertsozaleen artean.

  • Zaldibiako bertso jaialdi bat

    Zaldibiako bertso jaialdi bat. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Txapela izan da euskaldunen garaikur urte askoan, "irabazle" eta "txapeldun" hitzak elkarren sinonimo bihurtzeraino. Baina txapelaren sinbologia hori zalantzan jarri zuten Zaldibian (Gipuzkoa) duela lau urte, lehenengo Zapi Janztea antolatu zutenean. Bertso afari horretan ondoen kantatzen duenari zapia jartzen zaio buruan, entzuleen miresmenaren ikur gisa.

Zaldibiako Zazpiak Bat kultur elkarteak antolatzen du sariketa berezi hori, eta, gaurko "Hitzetik Hortzera" saioan, hango kide den Alaitz Sarasolarekin elkartuko da saioa. Berak azalduko du nondik datorren Zapi Janztearen ideIa, eta orain arte bizitakoaren berri ere emango du.

Bestalde, Zaldibian aurten antolatu duten bertso jaialdiko ale onenak eskainiko dira. Gainera, Zapi Janztearen aurreko edizioetako bertsoaldiak eta irudiak ikusteko aukera ere izango da. Horrez gain, Bergarako eta Ermuko saioetako bertsoaldiak ere eskainiko ditu saioak.

Bertsoaldi kuttuna, Zaldibiatik

Maide Garmendia, Zaldibiako bertsolari gaztea ezagutuko du Eiderrek, eta 2014. urtean Arberatze-Zilhekoan antolatu zen bertso afari bateko bertsoaldia aurkeztuko dio. Besteak beste, bertan izan ziren kantuan Andoni Egaña eta Sustrai Colina.

"Hitzetik Hortzera" gaur gauean izango da ikusgai, 21:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.