Hitzetik hortzera
21:00etan
Plazatik bizitzea: bertsolaritzaren B aldea, gaur, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB MEDIA
Aste honetako saioan askotan aipatzen ez den bertsolaritzaren alderdi bati begiratuko dio Miren Amurizarekin eta Andoni Egañarekin.
-
Miren Amuriza eta Andoni Egaña bertsolariak. Argazkia: Bertsozale Elkartea.
Errepide ondoan dagoen Elgoibarko Usatorre tabernan elkartu da aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioa Miren Amurizarekin eta Andoni Egañarekin, bertsolarien ohiko elkarlekuetako batean. Ikusten ez diren auto bidaiak, ordutegiak, fakturak, agenda hutsen ezinegona… oholtzatik kanpoko mila faktoreri buruz jardun dute. Horiek eta askoz gehiagok osatzen dute, sarri ikusten eta gogoratzen ez dugun arren, bertsolariaren zati garrantzitsu bat.
Sormenera eta bertsotara emandako bizimodua ez da erraza: oreka, osasuna, egiten duzuna gustatzea eta sakrifizio handiak egin behar izatea ezinbesteko osagaiak izaten dira. Bakoitzak bere bidea eta bere hautuak egin baditu ere, ondo ezagutzen dituzte lanbide horren ertzak Amurizak eta Egañak.
Aramaiotik Bergarara
Era guztietako bertso eta bertsoaldiak ere ez dira faltako "Hitzetik Hortzera"n. Aramaioko bertso-eskolak bertso trama bat antolatu zuen azaroan. Bertsolari bakoitzari paper bat esleitu zitzaion, eta rol horretatik kantatu behar izan zuten saio osoan: Aramaioko taberna huts bateko mamuak izatea egokitu zitzaien.
Bestalde, Bergarako Kartzela Zaharreko saioko bertsoaldirik onenak ere izango dira entzungai. Hango Kopla Barik bertso-eskolako kideek Maialen Lujanbiok 2019an Bergaran bertan kantatutako bakarkakoa ekarri dute gogora.
"Hitzetik Hortzera" 21:00etan izango da ikusgai gaur, eta igandean 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.