Itxi

Ihesaldia

Ihesaldia

Ihesaldia

22:30ean

'Ihesaldia' telesailaren azken hiru atalak, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi-saiakera oinarri duen ekoizpenaren hirugarren, laugarren eta bosgarren atalak emango dira gaur.

0:26

"Ihesaldia" telesailaren hirugarren, laugarren eta bosgarren atalak izango dira ikusgai gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. 1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri duen bost ataleko telesaila da, eta Jabi Elortegik zuzendu, eta ETBk eta Pausokak ekoitzi dute.

Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea

1976an, Basauriko kartzelako preso talde batek bertatik ihes egin zuen itxurak egin zituen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunel bat zulatzen. Egiazko gertakizun hori oinarri hartuta, kontakizun askea egin dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dira, eta protagonisten izenak aldatu dituzte. 

Iñigo Aranbarri eta Xabier Perurena dira "Ihesaldia" telesaileko protagonistetako bi: Peio Arzamendi eta Josean Uriondo etakide iheslariak gorpuzten dituzte. Xabi Jabato López eta Aitor Borobia aktoreak Diego Rojas Fugas eta Julian Izagirre dira, ihesaldian parte hartu zuten preso arruntak. Talde bereko kide dira, halaber, Jon Ander Alonso (PCEko kide zen Xabi Garcia de Ibar gorpuzten du) eta Aitor Beltran (Mikel Beltza ETAko burua da telesailean).

Aktore nagusien zerrenda Nerea Gorriti (Ana Duo, Peioren emaztea), Miren Arrieta (Mertxe Rojas, Fugasen arreba), Paco Revueltas (Juarez, kartzelako zuzendaria), Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreek osatzen dute, azken bi horiek Peioren gurasoen rolean.

Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinetsaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasatuko dituzte teilatuko zulo batean ezkutatuta, egunez lo egiten eta gauez tunela zulatzen.

Egiazko istorio bat oinarri hartuta, horren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden etakideak kontrolatu nahi dituen ETAko zuzendaritzaren presioak; ustez ihes eginda dauden preso horien familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa, ihesaldiak bere lan-ibilbideari kalterik egin ez diezaion.

'Ihesaldia' gaur izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.