Iparraldearen Orena
Gaur goizean
Iparraldeko egitura berria aztergai, 'Iparraldearen Orena' saioan
EITB
Franck Dolosorrek hainbat aditu bilduko ditu Ipar Euskal Herriko 158 udalerriak herri elkargo bakar batean biltzeko proposamena aztertzeko.
Ipar Euskal Herria bidegurutzean dago Frantziako Gobernuko ordezkariak bertako 158 udalerriak herri elkargo bakar batean biltzeko proposamena egin duenetik. Urte luzeetan aldarrikatu den aldaketa instituzionalak zentratzen du Iparraldeko aktualitatea gaur egun. 'Iparraldearen Orena Astekaria' saioa luze eta zabal ariko da gai horretaz igande honetako edizio berezian, ETB1en, goizeko 9:00etan.
Franck Dolosor kazetariak hainbat gonbidatu bildu ditu eztabaidaren nondik norakoak argitzeko. Saio berezi horretan ariko dira, besteak beste, Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakaslea, Frantxoa Maitia Akitaniako presidente orde sozialista, Alice Leiçiaguezahar Akitaniako kontseilari ekologista, Barthélémy Aguerre Lukuzeko alkate zentrista, Beñat Cachenaut Iholdiko auzapez eskuindarra, Caroline Phillips Iparraldeko Garapen Kontseiluko presidentea eta Pantxoa Bimboire Baionako Merkataritza Ganberako presidente ordea. Jojo Bidart Euskal Irratiak sareko kazetariak eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak azalduko dute zer dagoen jokoan. Nikolas Blain Batera plataformako kideak eta Ixabel Charritton Bidarteko alkate ordeak beren iritzia plazaratuko dute askok historikotzat jotzen duten eztabaida horretan.
'Iparraldearen Orena Astekaria' goizeko 09:00etan emitituko da, ETB1en.